Bertso-triki pintxo-poteak dakarren "giro onean" bilduko dira muxikarrak
Lau txoko igaroko ditu aurten egitasmoak: Dringili Drangolo, Saltsamendi, Gaukari eta Kolakaine. Oraindik eskuragarri daude Bertso-triki pintxo-potean parte hartzeko tiketak.
Badator Bertso-triki pintxo-potea Muxika, Ibarruri eta Gorozikara. Udalerriko urteroko zitak herritarrak elkarregaz batzea eta udalerriari bizitasuna ematea ditu helburu, eta horretarako hitzordua jarri dute: zapatuan, 18:30ean, Kurtzeron. Oraindik izena emateko aukera dago, Zubieta Errotan edo 645 00 66 63 telefonora deituta.
Aurten Bertso-triki pintxo-potea egutegian aurreratu eta Erdu Gazte Asanbladak antolatzen zuen Gazte Egunera egunez aldatu dute, aurten Gazte Egunik ez antolatzea erabaki baitzuten gazte asanbladakoek. “Egun hori hartu eta udalak eta gazteek elkarregaz antolatu dugu Bertso-triki pintxo-potea”, esan dute. Ondorioz, “giro ona” ez da faltako udalerrian.
Izan ere, egitasmoak lau txoko bisitatuko ditu: Ajuriako Dringili Drangolo, Ibarruriko Saltsamendi, Gorozikako Gaukari eta Muxikako Kolakaine. “Urtez urte txokoak txandakatzen joaten dira, herri eta auzo desberdinetako txokoek parte hartzeko. Izan ere, egitasmoaren asmoa bada herri eta auzoen arteko kohesioa bilatzea”, gogoratu dute antolatzaileek. Eta, autobusean egingo dute batetik besterako bidea; hori dela eta jarri dute batzeko hitzordua Kurtzeron. Hori bai, aurten Ajuriako txokoan dauden bitartean, Ajuriako Pala Txapelketaren finalaurrekoez gozatzeko aukera izango dute herritarrek, ordu horretan ariko baitira palistak nor baino nor gehiago.
Txokoek pintxoak aurkeztu beharko dituzte, bata hotza eta bestea beroa, baina aurtengoan ere, ez da lehiaketarik egongo.
Pintxo eta poteoak, bertsolariak eta musikariak izango ditu lagun. Izan ere, Lilibertsoko kide Asier Galarza, Koldo Gezuraga eta Ibai Amillategi bertsotan ariko dira, eta trikitixa doinurik ere ez da faltako.
Zapatuan herritarrak “herriko giro onean” batzea da asmoa: “Udalerrian sozializatzeko erdigune bakar bat ez dagoenez, herritarrek euren auzo edo herrian egiten dute bizia, eta txokoak izaten dira topagunea. Ekintza honegaz, jendeari inguruko auzoetara joateko eta udalerri guztitik ibiltzeko aukera ematen diogu, auzo edo herri ezberdinetako jendea bilduz”. Hala, herritarrei parte hartzeko deia egin diete.