Osertz Lejarreta, Gonzalo Fernandez eta Oscar Vitoria, bizkorrenak
Gabika auzoak Ereñoko XVIII. Raida hartu zuen atzo [ekainak 8]. 40, 60 eta 80 kilometroko probak lehiatu zituzten; 40koak Bizkaiko Txapelketa hartu zuen.
Bizkaiko Txapelketaren podiuma.Ereño Endurance Ereño Endurance taldeak antolatuta, Ereñoko XVIII. Raida egin zuten domekan [ekainak 8], Gabika auzoan. 30 parte hartzaile inguru elkartu ziren, 40, 60 eta 80 kilometroko CEAP kategorietako lasterketa lehiatzeko. Antolatzaileak “pozarren” azaldu dira hala zaldizkoen zein zaldien “maila orokorragatik”, nola egunak emandako “une ederrengatik” ere. IE-042 barruti inguruan lehiatu zuten raida, “egoera bikainean”: “Zaldizkoek eta zaldiek bai lurraldea, bai eguraldia lagun izan zituzten, eta proba prestatu modura atera zen”.
Gonzalo Fernandez Martinez eta Kazan zaldia izan ziren, 03.18.31ko denboragaz, 40 kilometroko sailkapen orokorraren eta Bizkaiko Txapelketaren garaileak. Sailkapen orokorraren bigarren postua Ana Jaio Oar ajangiztarrarentzat eta Mayo d’Aris zaldiarentzat izan zen, lanak 03.39.36ko denboran biribilduta. Hirugarren postua Diego Negrete Gilek eta Jiad Cataleya zaldiak lortu zuten, 03,40.13ko erregistroa biribilduta.

40 kilometroko probaren podiuma.Ereño Endurance
Bizkaiko Txapelketari dagokionez, sailkapen orokorreko lehen bi sailkatuek lortu zituzten urrezko eta urrezurizko dominak, baina hirugarren postua, berriz, Iraia Uriarte Oñederra bedaronarrak eta Thor de Napar zaldiak lortu zuten, 03.58.08koagaz. Egoera fisikorik onenean amaitzen duen zaldiarentzako sariketak, Best Condition izenekoak, Jaioren Mayo d’Arisen aldera jo zuen.
60 kilometroko azterketan, Oscar Vitoria Agirrezabala eta Konpai Pagadi zaldia izan ziren nagusi, 05.14.07ko denbora egin ondoren. Bigarren eta hirugarren maitu zuten, hurrenez hurren, Andoni Segurola Albisuk eta Ezkurraren Moon Light zaldiak (05.58.09), alde batetik, eta Enara Lucas Parrak eta bere zaldi Ali Aimar 50%-k (05.58.15), bestetik. Maila horretan, parte hartzaileetako batek ere ez zuen jaso Best Condition saria.

60 kilometroko probaren podiuma.Ereño Endurance
80 kilometroko neurketan, aldiz, Osertz Lejarreta Garrogerrikaetxebarria ereñarra eta Tasmanie Mouthes zaldia izan ziren bizkorrena, 06.43.48ko lasterketa eginda. Bigarren postuak Ane Arostegi Fundazuri errigoitiarraren eta O-Extremoren alde jo zuen, eta hirugarrenak Maider Ronco Herreraren eta Al Ma Najia zaldiagaz. Garaileak, lasterketa ez ezik, Best Condition sailkapena ere jaso zuen.

80 kilometroko probaren podiuma.Ereño Endurance
Eskualdeko parte hartzaileen mailari dagokionez, antolakuntzak hipikarekiko dagoen “zaletasunaren eta lanaren” isla dela nabarmendu du: “Busturialdean, badira zaldiak hazten dituzten zenbait, eta tankerako raidak proba luzeagoetarako kalitatezko prestakuntza modura baliatzen dituzte”.

Argazkia: Ereño Endurance.