Irati Fernandezek Euskadiko Txapelketako brontzezko domina lortu du 400 metro absolutuetan
56.00 segundotan amaitu zuen Gernika Atletismo Taldeko kirolariak 400 metroko lasterketa, Euskadiko Txapelketako podiuma osatzea lortuz. Denbora horrekin bere markarik onena hobetu eta marka berria ezarri du.
400 metroko lasterketako podiuma; Irati Fernandez hirugarren postuan sailkatu zen Euskadiko Txapelketan.Gernika Atletismo Taldea Bizkai, Araba eta Gipuzkoako atletarik indartsuenak eta azkarrenak zeintzuk diren ezagutzeko Euskadiko Atletismo Txapelketa lehiatu zuten asteburuan, Durangon. Eta, aire libreko absolutu txapelketako parte hartzaile horien artean egon zen Gernika Atletismo Taldeko Irati Fernandez Serrano. Brontzezko domina lortu zuen 400 metroko lasterketan, 56.00 segundoko markagaz; denbora horrekin bere markarik onena hautsi eta berria ezarri zuen.
“Oso final estua” izan zen 400 metrokoa. Aida Ruiz Fernandezek 55.55 segundoko marka behar izan zuen lasterketa amaitzeko, eta haren atzetik sailkatu ziren Ainara Mugartegi Solozabal markina-xemeindarra eta Fernandez. Marka bera ezarri zuten, 56.00 segundokoa, eta milaretan erabaki zen podiuma. Hala, apurbat lehenago zeharkatu zuen helmuga lerroa Mugartegik. “Lehenengo lau atletak denbora antzekoetan ibili ziren finala aurretik, eta beraien denborak islatzen zuen estua izan zen finala ere. Azken metroetaraino lehiatu baitzuten korrikalariek. Hala, ederra izan zen lasterketa”, ondorioztatu dute Gernika Atletismo Taldeko ordezkariek. Gainera, nabarmendu dute 20 urtez azpikoetan aritzen dela Fernandez, eta absolutu mailan emaitza hori lortzea “oso pozgarria” dela.
Fernandezek marka pertsonala ezarri zuen, aurreko 56.31 segundoko marka 31 ehunenetan hobetzea lortuz. “Gainera, iazko bere denbora lau aldiz jaitsi du aurten. Aurrerapauso handia eman du, inoizko ondoen ari baita korrika egiten”, baloratu dute atletismo taldeko kideek. Hala, aire libreko Espainiako Txapelketa prestatzen ari da, 20 urtez azpikoetan. Hori Albaceten lehiatuko du uztailaren 18an eta 19an. “Prestaketa ondo doa. Lehenengo hamarren artean dago momentuz, sailkapenean, eta hori ederra da. Ez da bat ere erraza izaten sailkatzea, ze Espainiako 24 onenak lehiatzen dira bertan”, esan dute. Eta, helburua finalera ailegatzea izango dela gehitu dute.
400 metroko lasterketan parte hartzeaz gain, domekan 200 metroko finala lehiatu zuen, eta zazpigarren postua lortu zuen horretan, 25.43 segundoko denbora lortuz eta bere aurreko marka segundo erdiz hobetuz.
Gernika Atletismo Taldeak 800 metroko lasterketan ere ordezkaritza izan zuen: Nile Atxak 2.20,69ko denbora ezarri zuen. Berak hamazortzi urtez azpikoetan lehiatzen du, baina absolutuetan probatu zuen, marka ona lortuz.
Horiez gain, Oier Beaskoetxea ere izan zen Durangon. Gaur egun Durangoko taldean ari da, baina Gernika Atletismo Taldean urte asko egin ditu. ETa, horrek ere emaitza bikaina lortu zuen: Euskadiko txapeldun gelditu zen 4×100 metroko lasterketan.