Gorpuztiak abian dira, eta asko dute esateko oraindik
Ibarrangelutarrak bete-betean sartuta daude Gorpuzti Jaien zurrunbiloan. Datorren asteburuan jaien azken bi egunak ospatuko dituzte.
Argazkia: Marian Olano. Gorpuzti Jaiak abiada betean hasiak dira, eta zelan gainera. Hilaren 4an ipini zituzten abian ibarrangelutarren agendako ospakizun nagusiak, herritar “guztiei” egokituta jai egitarauagaz. Herritarrek “bikain” erantzun diote egunotan, udalaren eta jai batzordearen deialdiari: asko izan dira kalera jo eta proposatutako jardueretan parte hartu dutenak; asko, era berean, ate joka dagoen “asteburu honi begira” daudenak.
Gorpuzti Egunean urteroko trikipoteo herrikoiagaz hasi zuten jaia, baina jende gehien barikuan, hilaren 5ean, bildu zen. Txupinazoaren ostean, Orkrestra Elektrotxaranga arduratu zen Elixalden jai giroak behera egin ez zezan, eta haren lekukoa plaza dantzan ipini zuten kontzertuek hartu zuten; Radio Guerrilla taldea oholtzaratu zen lehenik, Luhartz erromeria orduko. Lehenago, herrigunetik apur bat aldenduta ere egon zen ospakizunerako gunerik: Lagako Toki Alaik “bizi osoan itsasoan ibilitako” marinuen eta arrantzaleen urteroko jaietako talde bazkaria hartu zuen; 50 lagun inguru bildu ziren bertan.

Argazkia: Marian Olano.
Zapatuan, Bermeoko erraldoien konpartsaren erritmoan ekin zioten gorpuztiei: “Aspaldion jaietako egitarauan barneratu dira erraldoiak, herritarrei asko gustatzen zaie kalejiran sortzen duten giro aparta, eta bikain ezkontzen dute Gorpuzti Jaien xarmarekin”. Udal pilotalekuak hartu zuen herri bazkarian ia 200 ibarrangelutar bildu ziren: “180 herritar jesarri ginen mahaiaren inguruan; Ibarrangelu moduko udalerri txiki batentzat, kopuru polita da. Dena prestatu modura atera zen, aurtengo berritasuna tarteko”.
Hain zuzen, bazkalostean mahai gainera igo eta dantzarako tarterik ere egon zen, baina dantza egin gura izan ez zuenarentzako proposamen berri bat aurkeztu zuten antolatzaileek: txapel jaurtiketa lehiaketa. “Guztiek egiteko moduko txapelketa herrikoiren bat prestatzea zen helburua, antolatzen erraza eta azpiegitura esanguratsurik eskatzen ez zuena; txapel jaurtiketagaz bete-betean asmatu dugu, eta jendeari pila bat gustatu zitzaion”. Arratsaldez, Josepa Kale Kaleren musikak girotu zuen Elixalde ingurua, lehenik; Imanol Budha Bilbaoren DJ saioak, gauez.

Argazkia: Marian Olano.
Domekarako, hala nagusiei, nola gaztetxoenei zuzendutako egitaraua atondu zuten. Izan ere, egunari dianagaz ondoetorria eman ondoren, Lorea dantza taldeak euskal dantzen urteroko ikuskizun ederra eman zuen. Arratsaldez, frontoia umeentzako jolas puzgarrien topagune bihurtu zen: “Haurrek jaietan beren espazio propioa edukitzea garrantzitsua da”.
Etortzeko dagoenaz.
Jai gosez segitzen dute herritarrek, eta menu aparta dute aurretik oraindik. Barikuan, Gautegiz Arteagako Abesbatzak kontzertua emango du Elixalden, eta hurrengo egunean paellarik onenak norena den ikustkeo unea iritsiko da: gorpuztietako paella txapelketa herrikoia egingo dute. “Herrikoak, udatiarrak zein ingurukoak” erakartzen ditu lehiaketa horrek, eta aurtengo aldirako aurreikuspenak ere “oso onak” dira, egualdiak “errespetatu” egingo duela baitirudi.

Argazkia: Marian Olano.
Parte hartzaileek 12:00etan edukiko dute lehiara izena emateko unea, eta beren paellak 14:00etarako aurkezteko prest eduki behar izango dituzte. Bazkalostean, jaia frontoira lekualdatuko da: “Pilota partiduak herritarrek urterik urte asko maite dituzte, eta jaietako egitarauan erabat integratuta daude”. Lehenik, gaztetxoenak kantxaratuko dira: Peñak eta Leizak Tejeroren eta Dudagoitiaren kontra jokatuko dute; Elexpek eta Gantxegik, Urtazaren eta Iglesiasen aurka neurtuko dituzte indarrak, jarraian.
Ondoren, gazte mailakoen txanda izango da: Bengoetxea II.a eta Goikoetxea bizkaiatarren aurka. Neskei “dagokien plaza” emango die antolakuntzak: “Ezinbestekoa da pilota partiduen egitarauan emakumezko kirolariei merezi duten tokia egitea, eta aurten ere halaxe izango da; Anituak eta Urgoitik etxeko pilotari Bidasolo eta Landajo izango dituzte aurrez aurre”. Azkenik, 19:00retan, nagusiei egokituko zaie pilota egitaraua zarratzea: Jaka eta Morgaetxebarria Larrazabalen eta Landaren aurka ariko dira, zein baino zein gehiago.
EGITARAUA
Ekainak 12, barikua.
19:00. Gautegiz Arteagako Abesbatzaren emanaldia, Elixalden.
Ekainak 13, zapatua.
12:00. Paella Txapelketarako izen ematea.
14:00. Paellen aurkezpena.
17:30. Esku pilota eta pala partiduak, frontoian.
19:00. Nagusi mailako partidua: Jaka eta Morgaetxebarria Larrazabalen eta Landaren aurka.
20:00. Beti Jai Fanfarrearen emanaldia, Elixalden.
23:00. DJ Koeten emanaldia.