BI-635 errepidearen segurtasun falta salatu dute
Muxikako herritarrak kalera atera dira berriro, BI-635 errepidearen segurtasun falta salatzeko. Mugikortasun segurua eta jasangarria Muxikan. Istripu gehiagorik ez zioen pankartaren atzean jarri eta errepidearen noranzko bat gelditu zuten domekan (ekainak 7), beraien aldarria ozen zabaltzeko. Izan ere, maiatzeko domeketan martxak egin dituzte agintari politikoei “bide segurtasuna bultzatu eta mugikortasun jasangarriaren alde” egiteko eskatzeko.
Oraingoan, Zugastietatik Gernika-Lumorainoko bidea egin zuten, oinez, bizikletaz, patinetean edota patinen gainean. Bizikletaz zihoazenak 10:30ean atera ziren Zugastietako tren geltokitik, txaleko islatzaileak soinean zituztela, eta Kurtzeron batu zituzten gainerako herritarrak.
Ehun bat lagun inguru elkartu ziren pankartaren atzean, adin desberdinetakoak, baina helburu beragaz: udalerria zeharkatzen duen errepidearen arriskua salatzea eta herri eta auzoen arteko bidegorriak eskatzea. Bidegorriak nahi dituzte, mugikortasun jasangarria eta Gernika-Lumorekin lotura lortzeko asmoz. Hori dela eta, aldarriekin Bizkaiko Foru Aldundiari beraien udalerriaren errepideen segurtasuna “hobetzeko” behar diren inbertsioei “lehentasuna” ematea eskatu diote: “Entzun gaitzatela nahi dugu”.
Izan ere, salatu dute azken 40 urteetan esponentzialki handitu dela ibilgailuen joan-etorria Muxikan: “Errepidea kolapsatuta dago eguneroko joan-etorriengatik, eta ibilgailu astunak horietako asko dira. Errepidea ez da segurua eta urteetan zehar istripu ugari gertatzen dira. Ondorioz, auzoen artean ibiltzeko ibilgailu partikularren erabilera orokortu egin da”. Hori dela eta, irtenbide bat behar dute, eta hori aldarrikatu dute.