Andoni Rekondo da Argi Baltza sariketako lehen finalista
190 puntu lortuta gailendu da Andoni Rekondo bertsolaria Mendatan egin duten lehenengo kanporaketan, finalerako sailkapena lortuz. Bigarren saioa domekan [ekainak 14] lehiatuko dute, Ajangizko udal pilotalekuan.
Argi Baltzako Mendatako lehen saioan parte hartu zuten bertsolariak eta gai jartzailea. Lilibertso Bertsozaleek Mendata izan zuten topaleku domekan [ekainak 7]. Elizoste Aretoa izan zuten eszenatoki Andoni Rekondo, Unai Mendiburu, Janire Arrizabalaga, Koldo Muñiz, Maddi Agirre eta Enara Gallastegi bertsolariek, seigarren Argi Baltza bertsolari gazteen sariketako lehen kanporaketan. Guzti horien artean Rekondo izan zen onena.
190 puntu poltsikotaratuta hernaniarra ekainaren 27an [zapatua] Muxikan lehiatuko den finalera sailkatu da. Izan ere, hiru kanporaketetako irabazleek hitzordu handirako zuzeneko txartela eskuratuko dute, eta gainontzeko hiru finalistak puntuazioen arabera erabakiko dira.
Irabazleak baino sei puntu eta erdi gutxiago lortu zituen Mendiburu algortarrak (183,5 puntu), Mendatako kanporaketako bigarren sailkatuak.181, puntu jaso zituen Agirre gasteiztarrak, eta berak baino puntu erdi gutxiago lortu zituen Arrizabalaga bertsolari gernika-lumotarrak. Muñiz ibarrangelutarra bosgarren sailkatu zen, Gallastegi dimoztarraren aurretik, puntu erdiko aldeagaz; 177 puntu bildu zituen Muñizek eta 176,5, aldiz, Gallastegik.
Puntuazioei erreparatuz gero, saioak izan zuen parekotasuna islatzen dutela diote Lilibertsoko antolatzaileek: “Puntuazioan alde gutxi dago bataren eta bestearen artean, eta saioa ondo joan den seinalea da hori”.
Lehen kanporaketan Alain Cubero aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta Bertsolaritzen elkarteko Rebeka Lekerikak jarri zion txapela irabazleari.
Antolatzaileek lehen kanporaketaren balorazio “ona” egin dute, eta Elizostera bertaratutako jende kopurua eta giroa nabarmendu dituzte, izan ere, espero baino jende gehiago bertaratu zela adierazi dute: “Espero baino aulki gehiago jarri genituen, eta hori Mendata ez dela hurbil dagoen herri bat. Jendea bero egon zen eta saioa arina izan zen”.

Argi Baltzako Mendatako lehen saioa.Lilibertso
Bigarrena, Ajangizen. Haria eten barik, domekan [ekainak 14] lehiatuko da Argi Baltzako bigarren kanporaketa, Ajangizko udal pilotalekuan, 18:00etan hasita. Oraingo honetan Enare Muniategi arteagarra, Koldo Gezuraga gernikarra, Txaber Altube abadiñarra, Maite Sarasola deustuarra, Eki Mateorena leitzarra eta Haizea Arana eskoriatzarra arituko dira kantuan, eta antolatzaileek bertaratzeko deia egin dute: “Jarrai dezagun ekaineko domeketako planagaz, eta hurbildu”.