Urdaibaiko Nemo Puntuak bilatzeko gonbidapen artistikoa
Rober Garaik bere "obsesio pertsonal" baten emaitza den 'Urdaibai: Nemo puntua' erakusketa aurkeztuko du eguen arratsaldean [ekainak 11], Foruko Udalbatza Aretoan.
Argazkia: Foruko Udala Rober Garai artistak Urdaibai: Nemo puntua erakusketa aurkeztuko du ekainaren 11n [eguena], 19:00etan, Foruko Udalbatza Aretoan. Astronomian, Lur planetaren “irisgarritasun ezaren poloa” da Nemo Puntua, edozein lur-masa lehorretik urrunen dagoen ozeanoaren zatia, eta artistak aitortu duenez, bere “obsesio pertsonal” batetik jaio den lanak Urdabaiko Biosfera Erreserban “gure Nemo Puntu propioak bilatzea” du helburu.
Urdaibaiko bazter isolatuak ezagutu eta zeharkatzea du pasio Garaik, gizartearen iruditean dauden eskualdeko “postal atseginen” atzean, lurralde orok “atzekalde isila” gordetzen duela sinisten baitu: “Zibilizazioaren zauri guztiek santutegi osoak gordetzen dituzte”. Horregatik, akrilikoz osatutako lan multzoagaz ez du “paisaia etxekotua” islatu nahi izan, giza aztarnari aurre egite dioten “gotorleku basatia” baizik: “Bertako orografiak, basoen dentsitateak, aldapa bertikalek edota itsasoaren sumindurak babestutako txoko ezkutu eta sekretuak dira”.

Argazkia: Foruko Udala
Akrilikoaren aldeko apustua ez da ausazkoa; argia “berehala eta modu biribilean” harrapatzeko duen gaitasunagatik aukeratu du Garaik, “deskonexiaren purutasuna” islatzeko saiaketan: “Ez dut nire koadroetan bidezidorrik marraztu nahi, ezta hiriko zaratarik ere. Bere erritmoan arnasten duen natura ageri da, paisiek existitzeko behar ez gaituztela gogoraraziz; izan ere, gure absentzian modu garbiagoan loratzen eta azaleratzen da”.
“Isiltasunerako gonbidepena”. Misterio “menderakaitzak” bere horretan diharduen mundu “hiperkonektatu eta kartografiatu” batean, Urdaibai: Nemo puntua erakusketa “isiltasunerako gonbidapena” dela adierazi du Garaik: “Argiak giza absentzia ospatzen du, lekukorik gabe dagoenearen edertasun ikaragarria“.
Horregatik, eguenean inaugurazioara bertaratzen direnei, erakustak sortzen duen espazioa zeharkatzean turistak baino, “geografia sekretu bateko nabigatzaile esploratzaile” izareko deia egin die: “Utz iezaiozue ispiluaren geometriari zuen ziurtasunak hausten, eta mihiseak arrastaka eraman zaitzatela ertz urrun horretara, non, azkenean, zorionez hutsal bihurtuko garen”.