Bizi Festa jendetsuena
Bizi Festako parte hartzaileak.Matxitxako TT Kirola eta elkartasuna eskutik helduta, eta Bermeo herri bizia dela aldarrikatuta, Txirrindu Festa jaialdi solidarioa edo Bizi Festa ospatu zuten atzo [ekainak 7]. Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldearen, Orkatzeta MTB Enduro Taldearen, Bermeoko Ziklisten eta Bermeoko Udalaren lankidetzak fruitu oparoa eman du oraingo honetan ere. Laugarren aldia izan da, eta aurreko urteetan baino “jende gehiagok” parte hartu duela adierazi dute antolatzaileek.
Bermeoko txokoetatik ibilbidea, trebetasun zirkuitua, puzgarriak, musika… Jai handia ospatzeko beharrezko osagaiak eduki zituen egunak. Balorazio “oso ona” egin dute, eta antolakuntzak nabarmendu bezala, “giro oso ederra” sortu, eta familien harrera “oso ona” izan da aurten ere: “Jendea oso pozik egon zen, eta antolatzaileok ere bai. Zoriontzeko motiboak badauzkagu. Aurrekoetan baino txirrindulari gehiago elkartu ginen, eta ume piloa, eta hori oso garrantzitsua da. Urtean behin egiten dugu, eta jendeak esan digu gehiagotan egin beharko genukeela. Horrelako jai bat antolatzeak denbora eta prestakuntza handia eskatzen du; baina esan dezakegu datorren urtean bosgarren Bizi Festa egingo dugula”. 11:00ak aldera ekin zioten 6 kilometro inguruko ibilbideari; 200-250 pertsona elkartu ziren bertan: “Zorionez, ez zen egon intzidentziarik, istripu txikiren bat bai, baina lantzean behin bizikletarekin horrelakoak edukitzea normala da, eta ez zen ezer larririk gertatu”.
Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzat aletxoa ipini dute beste urte batez. Elikagai ez galkorren dohaintza egiteko deialdia zabaldu zuten, eta erantzuna bikaina izan zen: “Kilotan zenbat izan den esan ezin badugu ere, furgoneta erdia bete dugu, eta oso pozik gaude. Gainera, asteburu honetan euren kanpainagaz bat egin du gure bilketak. Aurreko urteetan bildutakoaren antzeko kopurua izan da. Bizi Festan parte hartu dugunon artean kopuru esanguratsua lortu dugu”. Bizkaiko Elikagaien Bankuaren arduradunek aste honetan jasoko dituzte elikagaiak.

Bermeoko txokoetatik ibilbidea egin zuten.Matxitxako TT
Parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete, Bermeoko familiei zein kanpokoei: “Inguruko familiak ere hurbildu ziren, Mundakatik, adibidez. Euren parte hartzea asko eskertzen dugu; euren parte hartze barik, ez baita egongo Bizi Festarik. Alaitasunagaz eta poztasunagaz, giro oso ona eduki genuen. Bizikleta buelta inolako eragozpenik barik egin genuen, eta Lameran, jaiaren erdigunean, dena oso ondo irten zen”.