Uhin eta partikulen arteko dantza
Gorputzaren eta teknologiaren arteko etengabe hizketan ari den 'Lattice' dantza ikuskizuna aurkeztuko du gaur (ekainak 5) Ziomara Hormaetxe dantzari gernika-lumotarrak Lizeo Antzokian. Pieza honek grabitatea esploratzen du, gorputza geruza askotan zeharkatzen duen nonahiko indar gisa: fisikotik kuantikora, espazioa eta mugimendua esperimentatzeko moduak konfiguratuz.
'Lattice' ikuskizuna. Ignacio Urrutia Azkuna Zentroak bultzatu zuen hasieran, Europako ACuTe proiektuaren bueltan, Europako Batzordearen Creative Europe-ren laguntzarekin. Lehen fasea iaz aurkeztu zuten,, eta orain bigarren fasea aurkeztuko du Gernika-Lumon, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzari esker. Hondarribiko Itsas Etxea Auditorioaren laguntza ere jaso du dantzariak, eta kolaboratzaile izan ditu Ballet Malandain Biarritz, EBB Biarritz, Astra Gernika eta Harrobia.
Lattice lan eszenikoak errealitatearen egitura ikusezina jartzen du erdigunean: dena konektatzen duen sare baten ideia, fisika kuantikoaren iruditegitik hartua. Gorputzaren eta teknologiaren arteko hizketan, piezak grabitatea esploratzen du, gorputza geruza askotan zeharkatzen duen nonahiko indar gisa: fisikotik kuantikora, espazioa eta mugimendua esperimentatzeko moduak konfiguratuz.
Lanak fisika kuantikoko beste printzipio bat ere jorratzen du: dualtasuna, uhinaren eta partikularen artekoa. «Printzipiook hartu ditut mugimendua sortzeko, zeintzuk gorputz berean egon daitezkeen», dio. Batetik, uhin-egoera landu du, likidoa, lurrunkorra, grabitatearekiko kontzientzia handikoa, plastikoen bidez irudikatu duena. Bestetik, partikula-egoera, erritmiko dena, urduria, segmentatua, ia mekanikoa. «Dualtasunaren kontzeptu hori nire gorputzera ekartzen saiatu naiz, ze proiektuak erakutsi dit nik ere baditudala bi alde horiek. Batzuetan, uhina naizela; beste batzuetan, partikula».
“Nire bizitzako aldiak inspiratzaileak dira nire piezetan”
Baina nola transmititu hori mugimendu bidez? Hormaetxek partikulak puntu gisa irudikatzen ditu eta, bata ukondoa eta bestea eskumuturra badira, biak mugimendu batez lotuz: «Mugimendua puntu batetik bestera eroaten eta gelditzen dut, grabitatearekiko mugimenduaren kontzientzia landuz». Izan ere, mugimendua geldotzearen kontzeptua asko gustatzen zaio. «Espazioaren kontzientzia lantzen dut. Ez da gauza bera espazioa bertan ezer egongo ez balitz bezala zeharkatzea, espazio hori partikula txikiz osatuta dagoela sinetsita zeharkatzea baino».
Bi egoera horiek, uhin eta partikularena, ez dira kontrakoak, etengabe elkarri eragiten dioten indarrak baino. Hala, eszenan bi gorputz agertzen dira, bi egoera horien arteko dialektika bizidun gisa. Lizeo Antzokian ikusiko dena ez da eszenografia estatikoa izango, arnasten eta erreakzionatzen duen ingurune sentikorra baizik: nota batekin desegiten diren partikulek, gorputzaren mugimendu bakoitzarekin aldatzen diren formek, teknologiak, plastikotasunak, dantzak eta musikaren arteko harremanetatik sortzen diren argi-atmosferek osatuko dute.

‘Lattice’ ikuskizuna.Ignacio Urrutia
Pieza eszeniko honek matrize bizi bihurtzen du agertokia; hizkuntza bisual batean egituratzen da. Hizkuntza hori TouchDesigner eta IA realtime erabiliz Paco Gramajek ad hoc garatutako sistema algoritmiko baten bidez sortzen da denbora errealean; gai da soinua eta mugimendua itzuli, eta irudi dinamiko gisa islatzeko. «Kynett sentsoreen bidez, gorputzeko puntuak detektatu, eta mugimenduaren informazioa irudi bihurtzen da; gorputza eta irudia sare berean sartzen dira», dio Hormaetxek.
Eszena, espazio aktibo
Proposamenak sorkuntza digital sortzailea eta narratiba eszeniko bizia uztartzen ditu. Eszenografia ez da elementu estatiko bat, parte aktiboa da. Plastikoek gainazal likido eta lurrunkor baten sentsazioa sortzen, eta espazioaren etengabeko eraldaketa iradokitzen dute. Musikak uhin zein partikulak irudikatzen ditu; esaterako, Hormaetxeren ahotsa bera ere entzun daiteke soinu bandan, partikula gisara: «Nire ahotsa erabili dugu partikulak irudikatzeko: haueginbehardut, bestehauerebai… adierazpenak bizkor sartu ditugu, estresa irudikatzeko. Ze, partikula egoerak urduritasuna transmititzen dit. Ahots horren bidez obraren sorkuntzari ere egiten diot erreferentzia, hau guztia partikula egoera modura defini daitekeelako».
“Horrelako ikuskizunen atzean, badago ikusten ez den errealitate bat. Borroka asko dago”
Eszenografia bi zatitan banatu du, baina bat egiten dute, bake mentala irudikatuz espazio berri bat sortzeko: «Ez dira bi dualitateak desagertzen, baina egoera lasaiago batera ailegatuko dira. Eszenografia koreografian txertatuta egotea nahi nuen. Beraz, hori zelan mugitu aztertu behar izan genuen, eszenografia mugituz gero, espazio berriak sortzen direlako». Obrarako dramaturgian ere arreta jarri dute: «Dantza ikuskizunek, dramaturgia daramatenean, dena solido bihurtzen da. Ulerterrazagoa da, ikusle zein interpreteentzat».
Eszenan biltzen diren elementuen arteko batasuna lortzea izan da Hormaetxeren obsesioetako bat. Ez zuen alde batetik teknologia eta beste alde batetik eszenografia edo dantzariak aurkeztuko zituen emanaldia egin nahi. Dena elkarrekin konektatu nahi zuen. «Sorkuntza prozesuetan nire erronka handiena dena konektatzea da. Ez nuen eszenografia dekoratiborik nahi». Ondorioz, elementu eszenografikoak ez dira dekorazio huts: mugimenduaren parte dira. Haien desplazamenduek espazio berriak sortzen dituzte, eta koreografiaren egitura aldatzen dute. Eszenografia «beste dantzari» bat da.

‘Lattice’ ikuskizuna.Ignacio Urrutia
Barnera bidaia
Proiektuak dimentsio pertsonal bat ere badu: hiperkonektibitatearen garaian barnera itzultzeko saiakera. Kanpo estimuluek etengabe eragiten duten testuinguruan, barneko puntuak berriro aurkitzeko beharra sentitu du. «Proiektu hau ederra izan da nirekin berriro konektatzeko. Kanpo estimuluz inguratuta gaude, eta saiatu naiz nire barneko puntuak topatzen. Geroz eta kontzientzia gutxiago daukagu, geroz eta gutxiago elkar ezagutzen dugu. Pieza honek lagundu dit nire barnealdera bidaiatzen, nire emozionalitateagaz bat egiten, nire barneko kapak kentzen. Teknologiak batu gaitzake, baina deskonektatu ere bai», hausnartu du.
Kanpokoaren eta barnekoaren arteko dualtasuean mugitzen da obra, eta barnera bidaia irudikatzen du. «Ikusle bakoitzak nahi duen lekura bidaiatzea gustatuko litzaidake, horiek hunkitzea. Hori lortuz gero, pozik geratuko nintzateke. Magnetismoz beteriko proposamena helarazi gura diet», dio. Dantzaren bitartez zerbait transmititzea bilatzen du: «Nahiz eta obra bi printzipio horietan oinarritzen den, konturatu naiz nire dantza ibilbidearen isla ere badela: urduritasun edo lan askoko garaiena, eta baita intentsitatea jaistekoena ere. Nire bizitzako aldiak inspiratzaileak dira nire piezetan: sentitzen dudanaren arabera ateratzen zaizkit, eta hau nire barnealdeagaz konektatzeko beharretik sortu da. Konektatzeko balio izan dit».
“Kultura da bizitzari buruz, guri buruz, garrantzia duen horri buruz pentsaraztera bultzatzen gaituena”
Lattice ez da obra itxia: etengabe eraldatzen da. «Dagoeneko soinu, irudi, gorputz eta espazio guztiak konektatuta daude, baina konexio berriak ere sor daitezke», dio dantzariak. Produkzio «handia» izan da, «lan askokoa»: «Talde handia behar da horrelakoak egiteko. Ez dut tankerako ekoizpen handirik inoiz egin. Sekulako erronka izan da. Gainera, lehen fasea beraiekin egin dut, baina, gero, nik bakarrik jarraitu. Hau horrela sostengatzea gogorra izan da».
Beraz, oztopoak ere zerrendatu ditu, eta baliteke horiek beste obra baten abiapuntua izatea. Edo ez. «Horrelako ikuskizunen atzean, badago ikusten ez den errealitate bat. Borroka asko dago. Gustatuko litzaidake kultur mundu honetan lanean jarraitzen duten horiek omentzea. Bejondeiela jarraitzen duten artistei, mantentzea zaila baita». Egoera horren aurrean, kultur munduarentzako sostengua eskatu du, batez ere dantzari keinu eginda: «Dantza babestu behar da. Izan ere, kultura da bizitzari buruz, guri buruz, garrantzia duen horri buruz pentsaraztera bultzatzen gaituena. Kultura. Ez dago hausnartzeko era politagorik».