Montorre Eskola, modako eskola
Montorre eta Haizeder eskolek bat egin dute Gautegiz Arteagan. Ingurune hurbila, mugimendu autonomoa, elkarbizitza, euskara, etorkizunerako aukerak, kultura eta natura erdigunera ekarrita, haurrak eta beren ongizatea ardatz dituen hezkuntza eredua eskaintzen dute: ikasleekiko zein familiekiko zaintza aintzatesten duena, hurbilekoa, kalitatezkoa, herritik eta herrirako eginikoa.
Argazkia: Montorre Eskola. Gautegiz Arteagako Montorre eta Natxituko Haizeder eskolen bideek bat egin dute aurtengo ikasturtean. Ia 100 haurrez osatutako taldea eratu dute, bizikidetza, kalitatezko hezkuntza eta eguneroko esperimentazioa ardatz hartuta. Eskola txiki baina sendo bik bat egin dute, proiektu handi batean.
Eskola txikiei egotzi ahal zaizkien aurreiritzi denak “fikzio hutsa” dira Montorren: “Atzerrian lanean dabiltzan goi mailako langile ugari hemendik pasatu dira, baita izen handiko kirolariak ere, kasurako, Damaris Egurrola futbol jokalaria. Eskolak, bere hurbiltasunetik, gauza handiak ditu eskaintzeko”.
Kokapena da indargune “eta altxor” handienetakoa: Urdaibairen bihotzean daude. Ikasleek inguruagaz hartu-emana edukitzea, beraz, zutabe dute. Inguruko zentroetan ez bezala, zementua berdeguneengatik ordezkatzen dute; zuzeneko esperimentazioa, natura leihoaz bestalde ikusi ordez.

Argazkia: Montorre Eskola.
Urte osoan zehar egiten dituzten irteerak tarteko, umeek inguratzen dituen parajearen gaineko zuzeneko lanketa egiten dute, bizipen errealetan eta lankidetzan oinarrituta. Hamaikatxo dira padurara edota basora joanez barneratzen dituzten onurak. Urdaibai Bird Centerregaz harremana dute, baita Ekoetxea Urdaibaigaz ere. Azken horri dagokionez, Azterkosta programaren bitartez, haurrek paduran bertan hartzen dituzte klaseak. Aztirekin elkarkidetzan, mikroplastikoen eragina aztertzeko, Ulises proiektuagaz lanean ere ari dira.
Matrikulazioagaz, ikasle orok Urdaibai Bird Centerreko bazkide txartela jasotzen du, gura duenean hango lantaldeagaz ikasi ahal izateko. Santana Esnekiak, Urriko Lehen Astelehena, Omako Baso Margotua, Baratze Baserri Eskola, BBK Klima edota Santimamiñe ere bisitatzen dituzte; hori gutxi balitz, hurrengo ikasturtean, Ereñoko harrobira irteera batuko zaio ekintza sorta horri.

Argazkia: Montorre Eskola.
Eskolan ortu proiektua ere martxan dute, eta ikasleak eurak dira hura kudeatzen dutenak. Oinarrizko laguntza emanda, haurrek beren kabuz funtzionatzeko eta euren eskuekin “ortuariak jagoteko” gai direla deskubritzen dute. Hain zuzen, ikasleak eurak arduratu dira Gernika-Lumoko merkatuan beren baratzerako beharrezko dituzten produktuak erosteaz, horrek beregain dakarren “autonomiaren lanketagaz”.

Argazkia: Montorre Eskola.
Kulturaren babesa ere epizentro da Montorreren filosofian: urtero-urtero, Bilboko Operara talde irteera egiten dute, ABAO txiki ekimenaz gozatzeko. Haurren garapenean itsasargi izan daitezkeenei ere eskolako ateak zabaltzen dizkiete: idazleak, nekazariak eta erreferente izan daitezkeen pertsonak gonbidatzen dituzte, Idazleak Eskolan eta Nekazariak Eskolan programen parte baitira; azken gonbidatuetako bat, adibidez, Juan Kruz Igerabide idazle adunarra izan zen. Jardunaldiotan, idazlearen lanak irakurtzen dituzte, euskara eta irakurzaletasuna sustatuz. Ez da ama hizkuntzaren alde egiten duten lan bakarra: Euskararen Egunerako edota Korrika Txikirako egitarau oparoak prestatzen dituzte.
Guraso komunitate zabala.
Gurasoen arteko taldelana eta giro adeitsua sustatzeko lan egitea ezinbesteko premisa da Montorreko nahiz Haizederreko kideentzat. Montorreko eta Haizederreko Guraso Komunitate “trinkoa, oso hurrekoa eta aberatsa” ondu dute: “Familia handi baten parekoa da”. Beraien arteko lokarriak zentroaz haragokoak dira, eta eskolak euren arteko sareak estutzeko bitartekari lana egiten du.

Argazkia: Montorre Eskola.
Horren erakusle da inauterietan edota Gabonetan gurasoek eginiko beharra: denetariko jardueraz osatutako programazioa prestatu zuten. Ez da komunitateak duen barne kohesioaren eredu bakarra: ikasturte amaierari begira, hilaren 12rako, “jaialdi berezia” prestatzen ari dira Montorre eta Haizederreko gurasoak. Bizkaiko zein Busturialdeko Eskola Txikien sarean elementu aktibo ere badira. Hain zuzen, aurten beraiei egokitu zaie eskualdeko urteroko jaia atontzea; “egundoko egitaraua” jorratu dute, 500 umetik gorako parte hartzeagaz.
Guraso Komunitatea ikasturte amaierako “jaialdi berezia” prestatzen ari da, hilaren 12rako
Bitxikeria dirudien arren, haurrek jasotzen duten lankidetzarako eta autogestiorako grinaren erakusle da eskolak “musika talde propioa” edukitzea. Guraso, ikasle eta irakaslegoaren elkarlanez, entseatzeko gunea eraiki dute, beren musika tresna eta guzti. Hori gutxi ez, eta bideoklip propioa ere ondu dute; YouTuben ikusgai dago. Eskolaz kanpoko jarduerak ere gurasoek zentroagaz eskurik esku antolatzen dituzte; aurten, judoa, zumba eta psikomotrizitatea izan dira gurasoek prestatutakoak. Izen ematea “guztiz hautazkoa” da, eta urtez urte aldatzeko aukera dago.

Argazkia: Montorre Eskola.
Zaintza eta kontziliazioa funtsezkotzat dituzte. Hala, familiek doako goizeko zaintza zerbitzuaz goza dezakete, eskolak abiatu baino ordubete goizago. Udalerriko auzuneetan bizi direnek, gainera, taxi zerbitzua ere jasotzen dute.
V Proiektuaren parte.
Unibertsitate, Berritzegune eta eskolak bat egin dute V Proiektuan: irakasle ikasketak egiten ari direnek mugimendu autonomoan oinarritutako eredua aztertzen dute, eta zentroak eduki litzakeen premien berri ematen die; ostean, bisitari horiek premia horiei irtenbidea emateko proposamen errealak diseinatzen dituzte. Berrikuntza eta kalitatea “egunero lantzen dituzten” zutabeak dira.
Elkarbizitza sakonki lantzen dute, baina “are sakonago” jorratuko dute aurrerantzean: “Emozio, hausnarketa eta gatazken konponketari dagokion tokia ematen diogu; elkarbizitza gai zentrala da, eta ardatz hori are gehiago lantzeko asmoa dugu”. Alde horretatik, Montorre nahiz Haizederreko gurasoei beren jarrera eredugarriagatik eta auzolanerako prestutasunagatik “eskerrik beroenak” eman gura dizkiete. Ez hori bakarrik: udalarekiko ere esker oneko daude. “Herriaren hezurduran erabat integratuta gaude”.

Argazkia: Montorre Eskola.
Hurreko harremana, bertokoaren lokarriak, etorkizunerako aukerak eta kalitatezko hezkuntza bilatzen dutenentzako “zorte handia” da Montorren, eskualdeko modako eskolan, matrikulatzeko aukera edukitzea. Informazio gehiago gura duenak www.montorre.net webean topa dezake.