Zaintzari buruz hausnartzeko elkartuko dira Ean
Zaintzari buruzko lanketan sakontzeko beharrizana ikusi dute Bedarona, Ea eta Natxituko Andrak taldeko kideek, eta bide horretan, zapaturako antolatu duten hitzaldi-solasaldian, herritarren parte hartze zabala lortu nahi dute.
Zaintza gaia erdigunean ipini, eta horri buruzko lanketa egiteko hautua hartu dute Ean. Bide horretatik, Bedarona, Ea eta Natxituko Andrak taldeak osatzen duen Berdintasun Batzordeak antolatuta, Berba egin dezagun zaintzaz: ekonomia feministaren ekarpenak hitzaldi-solasaldia egingo dute zapatuan [ekainak 6], 11:00etatik aurrera, Eskolondon.
Saio irekia da, eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete. Izan ere, parte hartzea zabala izatea nahi dute, emakumezkoak eta gizonezkoak elkartzea da asmoa: “Gure sareen bidez ere difusioa egin dugu, eta banakako gonbidapenak ere bidali ditugu, jendea animatzeko eta asistentzia bermatzeko. Horrelako gauzak antolatzen ditugunean, ikusten dugu emakumeak bakarrik agertzen direla, emakumeen gaia balitz legez. Ez da guretzako antolatzen dugun hitzaldia, bestela, formakuntza moduan planteatuko genuke”.
Saio orokorra izango da, eta sakontzeko, partekatzeko eta hausnartzeko espazioa izango da: “Hausnartu eta jendea kokatzea izango da helburua. Guk talde moduan kezka hori daukagu, eta gaia herri mailan zabaldu nahi dugu, jendea gai honen inguruan inplikatzea nahi dugu”. Gaian kokatu, eta zaintzaren gaiak zein erronka planteatzen dituen ikusiko dute, beti ere, ikuspegi feministatik landuta; zaintzari ekonomia feministak zein ekarpen egiten dion eta zer aldarrikatzen duen ezagutuko dute. Gako batzuk emateko eta ulertzeko eta konpartitzeko eta hausnartzeko saioa izango da, beharrizan hori ikusi baitute.
Berdintasun Batzordeko kideek esan bezala, aspalditik zaintzaren inguruko lanketa egin nahi zuten. Herrian zaintza “ze egoeratan dagoen” ezagutu nahi zuten: “Horren inguruan hausnartzeko beharra ikusten genuen. Gaia bolo-bolo dago; datorren urtean ere mobilizazio nazionala antolatu da eta aurreko grebetan zein Martxoaren 8ko deialdietan zaintzaren gaia egon da lehen lerroan. Baina zaintza erdigunean diogunean, zer esaten ari garen pentsatzea nahi dugu. Ez diogu lerro horri oso sakon ekin oraindik, baina bada helburuetako bat”.
Soldatapeko zaintza lana zein familia edo esparru pribatuan egiten dena hizpide izango dituzte: “Herrian lanketa egitea beharrezkoa da. Gero eta etxe gehiagotan daude zaintzaileak kontratatuta eta zaharren egoitzan ere badaude zaintzaileak; badaukagu euren berri, baina ez dakigu zein egoeratan dauden. Bestalde, bakoitzak euren etxeetan nork zaintzen duen hausnartzea ere bada asmoa”. Emagineko Miren Arangurenek gidatuko du zapatuko saioa; izan ere, aurreko lanketetan ere berarekin eta bere lankideekin aritu dira. Zapatuko jardunean, Emaginek zaintzaren inguruan sortu duen argitalpena edukiko dute oinarri: “Taldekoei liburuxka bat pasatu zigun, gu kokatzeko, eta bertan agertzen diren gauzez hitz egingo dugu”.
II. Berdintasun Plana eta indarkeria matxisten aurrean jarduteko protokoloa berritzeko, Emaginen aholkularitza eta laguntza eduki dute eta eurekin jarraitu nahi izan dute, euren filosofia eta lan egiteko modua gustuko dugulako eta ildo ideologikoagaz bat egiten dutelako. Pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartea da Emagin, jendarte eraldaketaren alde lan egiten duena, eta horretarako, prozedura feministak erabiltzen dituzte oinarrizko lan esparru hauetan: formazioa, ikerketa, bide-laguntza, esku-hartze soziokomunitarioa eta komunikazioa.
Udazkenean bigarren saioa egingo dute, eta hori zaintzaileei zuzendutakoa izango da, eurekin batera lanketa egiteko: “Oraingoa saio orokorra da, eta ez dakigu zaintzaileek etortzeko aukera edukiko duten, euren lan-ordutegiengatik. Prekarietateagaz oso lotuta dagoen lana dela badakigu, eta euren egoera zein den eta zein erronka eta behar dituzten ezagutu nahi dugu, eta horregatik, udazkeneko saioan eurekin bakarrik elkartuko gara”.
Hiru lan-ildo. Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren diru laguntza baliatu dute zaintza gaia jorratzeko. Urtero emakumeen eta gizonezkoen berdintasuna sustatzeko jarduerak egiteko diru laguntza ateratzen du, eta deialdira aurkeztu da udala: “Normalean, urtero aurkezten gara, eta aurten hiru gai lantzeko erabiliko dugu laguntza hori”. Zaintzari buruzko lanketa egitez gain, uda ostean gizonezkoei zuzendutako tailerra eskainiko dute, “despatriarkalizaziorantz joateko, gizontasun eredua zalantzan jartzeko”. Talde prozesuen bidelaguntzatik, parekidetasun eta LGBT+ gaietan herri proiektu integralak garatzen dituen Hiruki Larroxa kooperatibagaz prestatuko dute gizonezkoen saioa, eta horiek parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute Bedarona, Ea eta Natxituko Andrak taldeko kideek: “Guk gauzak lantzen ditugu, eta ematen du emakumeentzat bakarrik direla, baina berdintasuna ez dugu emakumeok bakarrik lortuko, eta eurek ere euren botere eta pribilegioaren inguruan hausnartu behar dute”.
Bestalde, udal politika feministak zelan sustatu aztertuko dute, ikuspegi feminista kontuan hartuta, udal politiketan eta egunerokotasunean udal-kudeaketan zelan jardun jakiteko.