Indarkeria matxisten aurrean jarduteko protokoloa onartu du Eako Udalak
Eako Udalak sustatuta, Bedarona, Ea eta Natxituko Andrak talde feministak sortutako protokoloak indarkeria matxista kasuen aurrean jarraitu beharreko pausoak finkatu eta azaltzen ditu. Erasoei Erantzuteko Mahaia (EEKM) osatu dute.
Bedarona, Ea eta Natxituko Andrak talde feministak indarkeria matxisten aurrean jarduteko protokoloa sortu du, eta otsailaren 24ko udal osoko bilkuran aho batez onartu zuten. Erasoen aurrean erantzun “koordinatu, bateratu, azkar eta eraginkorra” emateko helburua dauka protokolo horrek, eta emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza baliatuta, Emagin Elkartearen aholkularitzarekin osatu dute.
Indarkeria matxista kasuen aurrean jarraitu beharreko pausoak finkatu eta azaltzen ditu, eta ez da jai-giroko egoeretara mugatzen den tresna; urte osoan zehar, espazio publiko eta pribatuetan gerta daitezkeen egoera guztietarako gida “praktikoa eta bizia” da: “Indarkeria matxistarik ez, ez Ean, ez inon leloa ez da esaldi hutsa: gure jardun publikoaren eta eguneroko bizitzaren oinarria da”.
Izan ere, egileen hitzetan, etengabeko ikasketa eta hobekuntzaren emaitza da, eta protokoloaren indarrak herritarren konpromisoan datza, indarkeria matxistaren aurka “zero tolerantzia” erakusten duen herri batean bizi nahi dutelako, emakume guztiek eta pertsona guztiek askatasunez eta segurtasunez bizitzeko eskubidea dutelako. Protokoloan ez dira errealitate eta erantzun guztiak biltzen, saiakera bat egiten da, inguruan gertatzen diren indarkeriazko egoera matxistei aurre hartzeko eta berau pairatu dutenak babesteko.
Urte osoan zehar, espazio publiko eta pribatuetan gerta daitezkeen egoera guztietarako gida “praktikoa eta bizia” da
Udalak Erasoei Erantzuteko Mahaia osatu du (EEKM), eta balizko eraso matxisten aurrean herri erantzuna artikulatuko du mahai horrek. Jai batzordearen edo dagokion eragilearen, Berdintasun batzordearen eta udalaren ordezkariak egongo dira bertan, eta eraso bat gertatzen denean, protokoloa “berehala” aktibatzeko biltzeaz gain, gutxienez urtean behin bilduko da (jaien testuinguruan adibidez), protokoloa birgogoratzeko eta arduren banaketa egiteko: “Protokolo aktibazio bakoitzaren ostean, EAKM bildu eta balorazio akta egingo dute”. Gainera, urtero balorazio bilera egingo dute, hobekuntza proposamenak jasotzeko: “Protokoloa urtero berrikusiko da, eta beharrezko eguneraketak egingo dira”.
Esku hartzeko prozedura bost pausotan banatu dute: erasoa identifikatzea, babesa eta lehen arreta ematea, informazioa kontrastatzea, erantzun publikoa ematea eta prozesuaren balorazioa egitea. Erasoei Erantzuteko Mahaiaren baitan adostuko dute erantzun publikoa (udal adierazpena, prentsa-oharra, kontzentrazioa, kartelak, pankartak…). Erasoa jasan duenak publiko egitea nahi ez badu, haren erabakia errespetatuko dute, eta gertakari larrien kasuan, udalak herri-akusazio gisa jardun ahalko duela jakinarazi dute.
Lehentasunezko arreta emateko, erasoa jasan duen pertsonaren segurtasuna eta ongizatea bermatuko dituzte, eta konfidentzialtasuna bermatzeko, ez dute zabalduko erasoa jasan duenaren identitaterik, daturik edota xehetasunik. Ahalduntzearen garrantzia ere nabarmendu dute protokoloan: “Erantzunaren helburua ez da morboa, baizik eta indarkeria gaitzestea eta komunitatea eraldatzea”.
Azpimarratu dute Eako Udalak, herriko eragile feministarekin, eragile sozialekin, hezitzaileekin eta gainerakoekin batera, konpromisoa hartzen duela emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak prebenitzeko, artatzeko eta desagerrarazteko: “Horretarako, protokolo honek erasoa jasan duen pertsonaren babesa eta duintasuna erdigunean jartzen ditu, bere hitza eta erabakiak errespetatuz, eta komunitate osoari ardura partekatuaren mezua helaraziz”.
Helburuak. Horrenbestez, indarkeria matxistaren aurrean erantzun azkar, koordinatu eta eraginkorra emateaz gain, helburu dute urte osoan zehar indarkeria matxistaren kasuei aurre egiteko mekanismo “komun eta argiak” ezartzea eta erasoa jasan duen pertsonaren babesa eta eskubideak bermatzea, “bere hitza eta erabakiak errespetatuz”. Era berean, herritarren kontzientziazioa eta prebentzioa indartzea ere lortu gura dute, erantzukizun soziala partekatuz, baita emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatzea ere.
Arreta egokia emateko eta indarkeriaren gaitzespena adierazteko zereginean, ondorengo printzipioak izango dituzte oinarri: lehentasunezko arreta: erasoa jasan duenaren ongizatea eta segurtasuna lehenetsiko dute; konfidentzialtasuna eta errespetua: informazioa modu arduratsuan eta isilpean kudeatuko dute; koordinazioa: udaleko, herriko eta hala dagokionean, gizarte zerbitzuetako, osasuneko eta segurtasuneko eragileen arteko lankidetza; ikuspegi intersekzionala: emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboen aniztasuna eta behar bereziak aintzat hartzea; kaltearen konponketa eta prebentzioa: ez berbiktimizatzea eta komunitatearen erantzunkizuna azpimarratzea; eta erasoa jasan duen pertsonaren erabakiaren errespetua: ez paternalismoa, ez inposizioa; laguntza eskaintzea, erabakia berea dela onartuta.
Bestalde, prebentzio eta sentsibilizazio neurriei dagokionez, ikastetxe, elkarte eta tabernetarako prestakuntza gutxienez urtean behin egitea erabaki dute, eta komunikazio eta sentsibiliazio-kanpaina “iraunkorra” izango da. Berdintasun batzordearen bidez sustatuko ditu udalak kontzientziazio kanpainak, prestakuntza tailerrak, heziketa afektibo-sexuala eta emakumeen ahalduntze programak.