Gabikak XVIII. Ereñoko Raida hartuko du domekan
Lau distantziatako probak lehiatuko dituzte, 09:00retatik aurrera: 20, 40, 60 eta 80 kilometrokoak. 40 kilometrokoak Bizkaiko Txapelketa hartuko du. 40 lagun inguruko parte hartzea dago aurreikusita.
Ereño inguruko mendi eta basoak zaldizkoen lehiarako gune bihurtuko dira asteburu honetan: domekan [ekainak 7], Ereñoko Raidaren XVIII. ekitaldia hartuko du Gabika auzoak, 09:00retatik aurrera. Ereño Endurance taldeak antolatutako lasterketak Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako zaldizkorik trebeenak elkartuko ditu, baita “urrunagotik” bertaratuko direnak ere, hala nola, “Nafarroatik zein Kantabriatik”. 40 lagun inguruko parte hartzea aurreikusten dute. Eskualdeko ordezkaritzak hutsik egingo ez duela ere aurreratu dute. Hain zuzen, “Ereño, Errigoiti edota Ajangizko” zaldizkoak izena emanda daude.
Ohiko modura, erresistentzia proba izango da Ereñokoa. Parte hartzaileek lau distantziatako probak lehiatu ahalko dituzte: 80, 60, 40 eta 20 kilometroko CEAP kategoriak; 40 kilometrokoak, azken urteetan bezalaxe, Bizkaiko Txapelketa hartuko du. Zaldizkoek 9 eta 16 kilometro orduko arteko abiaduran egin beharko dute lasterketa, eta abiadura tarte horren barruan ahalik eta bikorren aritzen dena izango da garailea. Ez hori bakarrik: zaldiei osasun probak egingo dizkiete aldika-aldika, lasterketan aurrera egiteko egoera onean dagoela bermatzen aldera. Bi faktore horiek aintzat izatea “ezinbestekoa” izango da, lasterketa lehiatu gura dutenentzat.
Ibilbideari helduta, iragarri dute IE-042 barruti inguruan ariko direla, zaldiz ibiltzeko “erabat egokituta” dagoen eremuan. Hiru zirkuitu diseinatu dituzte, hiru koloreko bereizgarriekin: laranjak 32 kilometro edukiko ditu, zuriak, 24; urdinak, berriz, 18. Hiru horien konbinazioekin osatuko dituzte aipatutako kategoriak. Hitz bitan: 40 kilometroko probak zirkuitu zuria eta urdina nahastuko ditu; 60koak itzuli bat egingo du barruti zurian, eta bi urdinean; 80 kilometroko azterketak ibilbide laranja itzuli bat eta zuriaren bi barnebilduko ditu.
Garaileek garaikurrak eta dominak jasoko dituzte sari banaketa ekitaldian, baina zaldientzako “produktu sortak”, txalmak edota zaldizkoentzako ekipamendua ere banatuko dute. Beste alde batetik, aurten ez dute Ladies Cup kategoria antolatuko. “Ez da egongo emakumezkoei espreski zuzendutako sailkapenik. Hipika genero arrakalaren aldetik orekatuen dagoen kirol alorretako bat dela uste dugu, are gehiago, emakumezko parte hartzaileak are gehiago direla esan genezake; beraz, aurten kategoria hori ez atontzea pentsatu dugu”, argitu dute antolatzaileek.