Busturiko gazteak biltzera dator III. Otsozulo Gaua
21:30ean emango diote hasiera III. Otsozulo Gauari, eta asanbladako kideek aurreikuspen "oso onak" egin dituzte.
III. Otsozulo gaua. Busturiko Gazte Asanblada. Gazte asanbladak izandako urte batzuetako geldialdiaren ostean, Busturiko gaztetxea biziberritzeko helburuagaz sortu zen Otsozulo gaua duela hiru urte. Gazteak batzeko espazio baten beharraz gain, Busturiko eta inguruetako herritarrekin harremanak egin eta saretzeko asmoz hartu zuten lekukoa belaunaldi berriek: “Gaztetxea eta gazte asanblada biziberritzeko helburuagaz hartu genuen lekukoa, eta hortik atera zen Otsozulo gaua antolatzearen ideia”. Hala, zapatuan ospatuko dute hirugarren aldia.
Aurreko bi urteetan gauak izandako “arrakasta” ikusita, hirugarrena antolatzeko ez zuten inolako zalantzarik izan: “Jende asko batu zen aurreko bi aldietan, Busturikoak eta baita eskualdekoak ere. Herritarrentzako espazio polita da, eta belaunaldi ezberdinetako gazteak batzen gara. Jendeak oso ondo hartu zuen jaia, eta guk ere oso ondo pasatzen dugu”. Aurreko belaunaldien laguntzagaz antolatu zuten lehen aldiz, eta bi urteetako “hutsuneak” identifikatuta, horiek hobetzen saiatzen dira urtez urte: “Aitzaki honekin hasi ginen aktibatzen, baina gaur gaurkoz, ekintza gehiago antolatzen ditugu urtean. Gainera, Busturiko jaietan ere parte hartzen dugu txosna jarriz, baita gazte bazkaria eginez ere”.
Betiko formatua mantenduta, 21:30ean emango diote hasiera aurten ere kontzertuei. Lehenengo Ziraun taldeak hartuko du oholtza, eta atzetik, Xsakarak hartuko dio lekukoa. Amaitzeko, DJ I Am Giz igoko da eszenatokira: “Inguruko taldeak ekarri nahi genituen aurten eta horrela bete dugu egitaraua. Ziraun taldeak disko berria atera du gainera, eta lehenengo Otsozulo gauean ere egon zen. Beraz, berriro luzatu genion proposamena. Xsakarak duela urte asko jo zuen Otsozulo gaztetxean, eta berriro jotzeak ilusioa egingo ziola esan zigun, bertan eman baitzuen hasierako kontzertuetako bat”. Amaitzeko Ajangizko DJa egongo da: “Badakigu inguruko jendea erakarriko duela”.
Zapaturako aurreikuspenak “oso onak” direla azpimarratu dute asanbladatik: “Sare sozialetatik ere jende askok partekatu du kartela. Espero dugu jende asko etorriko dela. Hala ere, gaztetxea txikia da eta azkar betetzen da; beraz, parte horretatik beldur apur bat ere badaukagu”.
Asanbladako kideak “gogotsu” daude zapaturako, baina azpimarratu dute, ez dutela inolako erasorik onartuko: “Busturiko zein Busturialdeko gazteak gonbidatu nahi ditugu zapatuko jaira. Hala ere, argi utzi nahi dugu ez dugula inolako erasorik onartuko“.