Bedaronako txokoko eta begiratokiko lanak amaitu dituzte
Bedaronako eskola zaharraren eraikina berriztatu du Eako Udalak. 121.962.59 euroko (BEZ barne) inbertsioagaz, eraikinaren isolamendu akustikoa eta termikoa hobetu dute eta argiteria zein kable-sare aldatu. Horrez gain, eraikinaren beheko parteko irisgarritasuna hobetzeko lanak egin dituzte, baita kanpoaldean, begiratokiaren zoru aldatu eta urbanizazio berria egin ere.

Francis Ziloniz Eako alkateak lanon garrantzia azpimarratu du: “Eako moilako eta Bedaronako lanak aldi berean egitea ekonomiko esfortzu handia izan da udalarentzat, eta beste obra batzuei ekiteko asmoa ere badaukagu”. Bere hitzetan, Bedaronako eskola izandako eraikinean “birgaitze garrantzitsua” egin dute: “Isolamentu akustikoa eta termikoa ezartzeaz gain, instalazio elektriko berria ipini da eta pintatu. Beheko parteko lonja udalarena da, eta itoginak zeuden, begiratokitik ura iragazten zelako. Horregatik, inpermeabilizatu egin behar izan da; bai lonjako, bai begiratokiko zoruak altxatu eta berritu dira, eta, gainera, begiratokian jarlekuak ipini dira”.