Atzera begiratuko dio aurten VI. Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketak
Mendatan abiatuko dute domekan (ekainak 7) ekaineko lehen hiru domekak bertsolari gazteen bertsoz beteko dituen sariketa: Argi Baltza. Mendatan hasi, Ajangiz eta Gautegiz Arteaga zeharkatu eta, ohi legez, Muxikan amaituko dute ekainaren 27ean.
Atzera begirako bat egiteko aprobetxatuko dute Lilibertsoko kideek aurten seigarren aldiz antolatu duten Argi Baltza VI. Bertsolari Gazteen Sariketa: “Hasiera denek ei dute bukaera. Guk ez dakigu hau izango den azkena, badakiguna da haize freskoa eskatzen digula gorputzak. Seigarrena da aurtengoa, eta, zenbaki biribila ez bada ere, atzera begirako bat egiteko aukera eskini digu ekimenak”. Hala, domeka honetatik (ekainak 7) abiatuta, ekaineko lehen hiru domekak eta azken zapatua bertsoz beteko dituzte, Mendatan hasi, Ajangiz eta Gautegiz Arteaga zeharkatu eta, ohi legez, Muxikan amaitzeko.
Jon Lopategiren argiari jarraiki hasi ziren sariketa antolatzen Lilibertsokoak. Hark asko sakondu zuen gazteen bertso transmisioan, eta gerora, lekuak lekuko bertso eskolek eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eutsi diote erronkari. Zeregin horretan ibili da, baita ere, Lilibertso. Eta, bertso sariketa hau antolatzen hasi zirenean honek izan duen oihartzuna izatea espero ez bazuten ere, helburuak “bete” dituztela ondorioztatu dute: “Gure bertso taldeko zein Bizkaiko bertsolari gazteei zirkuitoa eskaintzea, eskualdeetako herri txikiek kulturan egiten duten beharra erakustaraztea eta bertsoari leku gehiago eskaintzea. Garrantzitsua dala deritzogu lurraldekotasunaren enfokea; Bizkaiko bertso eragile garen heinean, hori ardatz lez hartuta dihardugu beharrean”. Hala, gazteei plaza berri bat eskaintzeaz garago, herri txikietan badagoela bizi kulturala erakusten dute urtero-urtero. Eta asmo horiek Lopategi omentzeko bidean hartu zituzten, Lopategin balioak zirelako horiek, berak defendatzen zituenak.
Aipatutako ertz horiei oratuta, asko izan dira Argi Baltza sariketan goxo hartu dituzten bizkaitar bertsolari gazteak. Eta, aurtongoan, nostalgia ariketa bat egiten dabiltzanez, lagun berriez gain, zaharrak gonbidatu gura izan dituzte: aurretik Argi Baltzan kantatu eta argi baltzaren xenda gehiago argitu dutenak, eskualdeko betiko zerrendagaz ahaztu barik. “Unai Mendiburu, Maite Sarasola… aurretik etorritakoak dira. Ikusten dugu sariketaren amaiera hurbiltzen doala, eta bukaera bat ematera bidean egin dugu atzerakoa”, azaldu dute. Hala ere, oraindik sariketan aritu ez diren bertsolariak ere gonbidatu dituzte: “Aurten lehenengoz ariko dira Eñaut Martikorena, Andoni Errekondo, Haizea Arana, Eli Zaldua edota Bizkaitik Kelmene Abaitua berriztarra. Errepikatzen duten gehienak ere bizkaitarrak dira, baina, kanpokoak ere gonbidatu ditugu; esaterako, Maddi Agirre egongo da, azkenaldian topera dabilena. Beraz, bertsolari berriak eta iraganekoak egongo dira”.
Saioetan, ohiko mekanika jarraituko dute: kanporaketa bakoitzeko lehenengoa automatikoki igaroko da finalera eta ostantzeko parte hartzaileak puntuazioaren arabera. Saioak epaitzen Mirari Azula, Ander Arrien eta Beñat Romero ibiliko dira, eta, ohi legez, hurrengo ariketak baloratuko dituzte: zortziko handia, zortziko txikia eta bi ofizio egin beharko dituzte lehenengo fasean, eta, gabarakoan bi puntu erantzun eta bakarkako bi bertso osatu beharko dituzte.
Aurtengoan, beraz, orain arte egindakoei jarraitu diete, eta ikusi beharko da, hurrengoan biribiltzen duten edo ez, zerbait berezia iradokitzen duten edo ez: “”Etapak ixtea edarra da. Ez dakigu aurtongoa azkena izango den baina, hala balitz lez biziko dugu. Gustatzen zaiona egiten duen talde baten militantzia eta gozamen erakustaldi bat izango da. Baliteke, datorren urtean ostera ere, asmoak aldatu eta bide honegaz jarraitzea. Holako inkognitak sortzen dauz gure argi baltzaren magiak”.
SAIOAK.
Ekainak 7, domeka.
18:00. Koldo Muñiz, Janire Arrizabalaga, Unai Mendiburu, Enara Gallastegi, Andoni Rekondo eta Maddi Agirre Mendatako Elizosten.
Ekainak 14, domeka.
18:00. Enare Muniategi, Koldo Gezuraga, Txaber Altube, Maite Sarasola, Eki Mateorena eta Haizea Arana, Ajangizko frontoian.
Ekainak 21, domeka.
18:00. Beñat Bilbao, Asier Galarza, Iker Uriarte, Kelmene Abaitua, Eñaut Martikorena eta Eli Zaldua, Gautegiz Arteagako kultur etxean.
Ekainak 27, zapatua.
Finala, Muxikan.