Ikasle jaialdia antolatu du Ikamak, ikasturtean egindako lana balioan jartzeko
Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa aldarrikatuko dute zapatuan Astran. Ikamak ikasle jaialdia antolatu du, ikasleak saretu eta ikasturte osoan egindako lana balioan jartzeko eta ospatzeko.
Ikamak ikasle jaialdia prestatu du zapaturako, Astran.Ikama Ikamak ikasturte osoan egindako lana balioan jartzeko eta hori ospatzeko ikasle jaialdia antolatu du zapaturako (ekainak 6), Gernika-Lumoko Astran. Euskal ikasleen ospakizunaren topaleku bihurtu gura dute kulturarako fabrika soziala, eta bertatik Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa aldarrikatuko dute; izan ere, Ikamak Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala hezkuntza eremuan lurreratu nahi du, ikasleen borrokaz sistema eraldatzeko. “Hamarkada luzetako bizitza duen euskal ikasle borrokaren lekukoari heldu” gura diote.
Antolakundeak bosgarren urteurrena betetzen du aurten, eta jaialdiagaz ikasleak saretu gura dituzte, egindako lana aitortzeaz gain. “2020an aurkeztu zen Ikama, eta ordutik honako ibilbidea aitortzeaz gain, hamarkadetako borrokaren oinordekoak garela aldarrikatuko dugu”, diote.
Eta hori lortu asmoz, eskaintza “zabala” duen jaialdia prestatu dute: 12:00etan ekingo diote egitarauari harrera ekitaldiarekin, eta ordu erdi beranduago, Askapenerako, Ikasle Antolakundearen borrokak darrai dokumentala proiektatuko dute, gero solasaldian aritzeko. Ostean, marianitadan batuko dira, eta Ipar Euskal Herriko ikasleek zabaldu duten Baxoa euskaraz egiteko aldarriarekin bat egiten dutela erakutsiko dute talde argazki aterata, ze, zapatuan, hezkuntza euskaldunaren alde mobilizatuko dira Bordelen. Ikasle bazkarian bilduko dira ostean, eta 17:30etik aurrera, Ondoezik elektrotxarangak girotuko ditu udalerriko kaleak. Egunarekin amaitzeko, 20:30ean zuzeneko kontzertuak izango dituzte aukeran: Alarma Morea, Gainbet, Bad Sound eta Aingura. Ostean, dj-ak izango dira.
Beraz, Busturialdeko Ikamako kideek dei egiten diote eskualdeko ikasle orori zapatuan Astrara bertaratzera. Horretarako, salgai daude jada sarrerak, Internet bidez erosi behar direnak.
Azken ikasturtea.
Zapatuko jaialdia ikasturtea biribiltzeko gonbidapena da, asko baitira antolatu dituzten ekitaldiak. Esaterako, ikasturtea Ikasleok Palestinarekin dinamikrekin abiatu zuten, ikasle greba deituz eta ikasleria mobilizatuz. Ostean, Hezkuntza euskalduna dinamikan murgildu ziren, eta, tartean, Busturialdeko Ikamak Ikastetxeetan kamerarik ez egitasmoa abiatu zuten. Era berean, Espainiar Estatuko errege arrotzaren bisitaren aurkako aldarria zabaldu zuten azaroaren 28an, eta martxoko greba zikloan ere martxan ibili ziren: hilaren 3an Memoria eta borroka aldarripean, 1976ko Gasteizko sarraskian eraildako bost langileak —haietako bat ikaslea zen— oroitu eta haiek bezala zapalkuntzarik gabeko gizarte baten aldeko borrokan dihardutela aldarrikatu zuten; eta martxoaren 17an, greba orokorrera batu ziren, eremu sindikalak aldarrikatutako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata igotzearen eta hemen erabakitzearen alde. Horrez gain, apirilaren 26an, Gernikako Ikamako kideek bonbardaketa eguna oroitu zuten, haren 89.urtemugan.
Horiek gogoratuko dituzte, baina ikasturte bukaera datorrela aprobetxatuta, FCK Sele dinamika ere martxan dute, “urtero Euskal Herriko ikasleek pasatu behar dituzten unibertsitateko sarbide frogen aurka egiteko”.
Horrenbestez, diotenez, Ikamak “milaka gazte mobilizatu” ditu azken hilabeteetan, “heziguneak astinduz eta ikasleriari ahotsa emanez”, bai Busturialdean zein Euskal Herrian ere, eta hala jarraitzeko asmoa dutela irudikatuko dute zapatuan.
EGITARAUA.
Zapatua, ekainak 6.
12:00. Harrera ekitaldia.
12:30. Askapenerako, Ikasle antolakundearen borrokak darrai dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia.
14:30. Marianitada.
14:50. Elkartasun argazkia.
15:00. Ikasle bazkaria eta akustiko mugitua.
17:30. Ondoezik elektrotxaranga.
20:00. Ate irekiera.
20:30. Kontzertuak: Alarma Morea, Ganibet, Bad Sound eta Aingura.
02:00. Djak.