Herriko elkarteetan euskararen erabilera aztertzeko galdetegia abiatu dute
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Mundakako Udalagaz lankidetzan, herriko elkarteei zuzendutako lanketa berria abiatu du, euren eguneroko ekintzetan euskararen bai ezagutza, bai erabilera sustatze aldera. Elkarteen dinamiken barruan euskarak daukan presentzia ezagutu gura dute, baita egunean-eguneangoan baliatzen diren hizkuntzak identifikatu eta etorkizunerako hizkuntz erronkak detektatu ere.
Datu soziolinguistikoek diote mundaka udalerri euskalduna dela: euskararen jakintza maila %68,4koa da; ulermen maila, ostera, %8,9koa. Udal ordezkarien nahiz Uemaren helburu nagusia “euskaraz bizitzea” den heinean, herriko eragile, talde eta elkarteen “inplikazioa ezinbestekoa” dela azpimarratu dute. Alde horretatik, sustatzaileek bereziki elkarteengan ipini gura dute fokua. Izan ere, egiteko “oso garrantzitsua” dute herriko bizitzan, antolatzen dituzten “ekimen eta jardueren” bidez.
Lanketa honen lehen urratsa bi galdetegi labur betetzea izango da. Galdetegiek hiruzpalau minutuko iraupena dute eta elkarteetako hizkuntza-errealitatea ezagutzea dute helburu. Herriko kirol edota kultur taldeetako hezitzaileek zein entrenatzaileek ere beren galdetegi propioa edukiko dute. Hala, ahalik eta informazio osatuena eskuratu ahalko dute.
Herritarrek ekainaren 13a izango dute galdetegiak betetzeko epemuga. Behin emaitzak jasota, aurkezpen saio bat egingo dutela aurreratu dute udaletik; agerraldi horretan azalduko dituzte galdetegien emaitzetatik ateratako ondorio nagusiak, etorkizunerako “lan ildoak zehaztu” ahal izateko. Aurkezpen saio hori “uda ostean” izango dela iragarri dute. Prozesuaren arrakastarako, erabat “funtsezkoa” izango da herriko elkarte guztien parte hartzea. Hori dela eta, udalak elkarlanerako eta parte hartzerako deia luzatu die herritarrei. Informazio gehiago gura duenak edota zalantzarik daukanak azelaia@uema.eus posta elektronikora idatz dezake.