Paul Goitisolok eta Alluitz de Bilbaok irabazi dute Mendi Jaiko lasterketa
560 euroko txekea jaso du Fenomenoak taldeak.
Argazkia: Txebi Arriaga XII. Mendi Jaiak erantzun aparta eduki du. 560 pertsona elkartu zituen atzo [maiatzak 31] Gernika-Lumon.
Mendi martxak eta lasterketa egin zituzten, eta giro ederra nagusi izan zen goizean goizetik. 75 korrikalarik amaitu zuten mendi lasterketa, eta horien artean, Paul Goitisolo Otazua izan zen azkarrena; gernika-lumotarrak ordubete, 20 minutu eta 58 segundotan amaitu zuen 17 kilometroko lasterketa. Emakumezkoetan, berriz, Alluitz de Bilbao Ortega kortezubitarra igo zen podiumaren gorenera. Ordubete eta 44 minutuko marka ezarri zuen.

Argazkia: Txebi Arriaga
Gizonezkoetan, Antton Luengo Celaya gautegiz arteagarra eta Aritz Martin Olabarriaga arratzuarra sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, Goitisolorengandik bi minutu eta bost segundora eta bi minutu eta 32 segundora, hurrenez hurren. Emakumezkoen sailkapenari dagokionez, Eider Arantzamendi Uruburu gernika-lumotarrak eta Nerea Amilibia Arruti zizurkildarrak osatu zuten podiuma; Arantzamendi irabazlearengandik hiru minutu eta hamazazpi segundora helmugaratu zen, eta Amilibia lau minutu eta 26 segundora.
Mendi buelta egin eta sari banaketa ekitaldiaren ostean, Pasealekuan bazkaldu zuten lagunarteko giroan. Arrolape Mendi Klubeko kideak pozik eta esker onez agertu dira: “Pozik amaitu genuen eguna. Istripu bat egon zen, baina bideratu genuen, eta bai lasterketako, bai martxetako parte hartzaileak oso pozik geratu ziren. Gainera, eguraldiak asko lagundu zigun”. Hurbildu ziren guztiei eskerrak eman dizkiete, eta laguntzaileen eta boluntarioen ekarpena azpimarratu dute: “Eguna aurrera ateratzen lagundu ziguten guztiei eskerrak eman behar dizkiegu. Arrolapetarroz gain, klubeko kide ez diren jende askoren laguntza ere eduki genuen. Horrelako egun batean hori eskertzekoa da; boluntarioen lana estimatzea garrantzitsua dela uste dugu. Arrolapetarrok konpromiso moduan ikusten dugu Mendi Jaia aurrera ateratzea, eta Arrolapetik kanpo arrimatzen den jendearekiko esker oneko izan behar gara beti”.
[Mendi lasterketaren denborak]
Euro solidarioa. Fenomenoak saskibaloi taldekoek 560 euroko txekea jaso zuten, izen emate bakoitzetik euro bana taldeari laguntzeko izan baitzen. Jokalariak pozik eta eskertuta jaso zuten herritarren babesa.

Argazkia: Txebi Arriaga