Landa-eremuetako argiteria berritzen jarraitzen dute
Udalerria "energia-eredu eraginkorrago, autonomoago eta ingurune naturala errespetatuko" duen eredurantz eramango duen estrategiaren barruan, eguzki-farola instalatu du Busturiko Udalak, oraingoan, Altamira, Axpe eta Bermeorako bidegurutzean.
Busturiko Udalak agintaldi hasieran martxan jarritako argiztapen publiko eta jasangarriko proiektuagaz aurrera jarraitzen du, udalerriko auzo ezberdinetan eguzki-farolak ipinita. Udalerria “energia-eredu eraginkorrago, autonomoago eta ingurune naturala errespetatuko” duen eredurantz eramango duen udal-estrategiaren parte da, eta auzo guztietako zerbitzuak eta horietako bizilagunen bizi kalitatea hobetzea du xede. Dagoeneko zortzi eguzki-farola instalatu dituzte, azkena Altamira, Axpe eta Bermeorako bidegurutzean, Urkiobe baserriaren ondoan.
Aitor Aretxaga Busturiko alkateak argitu duenez, instalazioa egiteko unean lehentasuna eman diete “ohiko konexio elektrikoaren kostu handiek argiteria publikoa ezartzea zailtzen” zuten eremuei: “Konponbide horri esker, herritarren bizi-kalitatea hobetzen da, gaueko joan-etorrien segurtasuna handitzen da eta ingurumen-inpaktua murriztu”. Zehaztu duenez, argiteria berritzea “trantsizio energetikoarekin, ingurunearen babesarekin eta udal gobernuak landa-auzoen beharrei erantzugo dien irtenbide berritzaileak hartzeko duen konpromisoan” kokatzen den proiektua da, eta oraindik bide luzea du aurretik: “Proiektuak aurrera jarraituko du”.
Iaz Goierri auzoan, Zabale eta Lurkoirako bidegurutzean jarri zuten eguzki farola, eta 2023 eta 2024 artean sei kokatu zituzten, bost Altamira auzotik Cefetxaraino (San Bartalomen) eta seigarrena, Alarbinen. Udaletik nabarmendu dute proiektuak “inbertsio garestia” suposatzen duela; izan ere, agintaldian zehar landa auzoetarako eguzki faroletan 43.289,51 euroko inbertsioa egin dute.
Eguzki-argiztapen berriari dagokionez, kontsumo baxuko LED argien karga aprobetxatuz, urte guztian zehar “funtzionamendu autonomoa” ahalbidetzen duela nabarmendu dute. Horrez gain, kableak ipini eta obra zibil “konplexuak” egiteko beharra ezabatzen du argitazpean mota horrek, kostuak “nabarmen” murriztuz eta udalerriko karbono-aztarna murrizten lagunduz.
Aretxagaren esanetan, udal gobernuak Busturiko zerbitzuak eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko inbertsioak aurreikusten ditu, eta horren adibidetzat ipini ditu, besteak beste, auzoetan zuntz optikoa instalatzea, landa-bideak aldian behin mantendu eta hobetzea, bideak asfaltatzea edota farmaziako atea “funtzionalagoa, automatikoagoa eta mugimendu-sentsorea duen” beste batengatik ordezkatzea: “Farmaziako ate berrian 6.816 euro inbertitu dira”, nabermendu du alkateak.