Joanes Goitisolok eta Maddi Marquetek irabazi dute Mutrikuko Triatloia
Joanes Goitisolo gernika-lumotarrak "marka ikusgarria" lortu du Mutrikun.
Mutrikuko XII. Esprint Triatloia eta Kadeteen II. Triatloia lehiatu zituzten zapatuan [maiatzak 30]. Mutrikuko hondartzatik hasita, hiru proba bete behar izan zituzten parte hartzaileek: 750 metro igerian, 18.000 metro bizikletan eta 5.000 metro korrikan.
Gizonezkoetan, Joanes Goitisolo Otazua gernika-lumotarra izen zen nagusi. Peñota Dental Triatlon taldeko kirolariak marka ikusgarria egin zuen, triatloia 58 minutu eta 33 segundotan amaituta. 11 minutu eta 5 segundotan egin zituen igerian 750 metroak; 31 minutu eta 39 segundutan burutu zuen bizikletan egon beharreko ibilbidea eta 15 minutu eta 11 segundo behar izan zituen korrika egin beharreko distantzia amaitzeko. Garraitz Kirol Taldeko Aratz Aizpurua Gordillo lekeitiarra sailkatu zen bigarren, triatloia ordu bete eta hamar segundotan amaitu ondoren. Atzetik, haren herrikide Mikel Arrasate Larreak ordu bete eta 51 segundotan amaitu zuen lasterketa, hirugarren postua eskuratuz.
Maddi Marquet Ferranek lortu zuen emakumezkoen txapela, egin beharrekoak 01.10,54ko markarekin amaituta. 12 minutu eta 15 segundotan bete zituen igerian 750 metroak, 38 minutu eta 54 segundotan bizikletan egin beharreko 18 kilometroak eta 18 minutu eta 21 segundotan korrikan egindako 5 kilometroak. Malen Arano Anton izan zuen atzetik Marquetek, triatloia 01.14,14ko markan amaitu zuena. Hirugarren Paule Miota Muniainek gurutzatu zuen helmuga, 01.14.54ko denboran.
Kadeteen kasuan, Garraitz Kirol Taldeko Nile Agirretxe Ayalak irabazi zuen lasterketa. 59 minutu eta 49 segundo behar izan zituen 300 igerian, 18000 metro bizikletan eta 2500 metro korrikan egiteko. Bigarren postuan taldekide bat izan zuen Agirretxek, izan ere, Sara Ardura Iturraspek 01.08,45ko denboran amaitu zituen egin beharrekoak. Mutiletan, Ibai Iturraspe Gil de Murok irabazi zuen triatloia, 56 minutu eta 35 segundotan.