Foruko Udalak garbiketa zerbitzua "indartu" du
Foruko Udalak “laukoiztu” egin du udal garbiketa zerbitzua. Garbiketa zerbitzu berria esleitu du, eta ekainean hasiko da zerbitzua eskaintzen.
Kontratu barriak irispide teknikoak eta ingurumenekoak barne hartzen ditu; aurrekontuak barne hartzen du kaleetako eta oinezkoentzako guneetako espaloiak eta galtzadak, plazak eta berdeguneak eta ezkerraldeko espaloiak garbitzea (B1-2235, Bermeorako norabidean). Horretarako, ingurumena errespetatzen duten produktuak, materialak, makinak eta lehen mailako kalitateko aplikatzaileak erabiltzea jasotzen da bertan.
Atxondoa, Elexalde, Ibarra, Landaberde eta Torrebarri auzoen eta tren geltokiaren zerbitzua “hobetzen eta zabaltzen” duen kontratuta dela azpimarratu dute udal ordezkariek. Gainera, San Inazio jaiak ospatzen diren egunetarako garbiketa zerbitzua egiteko “erreferentzia berezia” jasotzen du: “Zerbitzuko egun guztietan, beharrezkoa den guztietan, koipe- eta olio-orbanak, hustubideak eta saretak, arekak eta espaloiak garbituko dituzte, espaloietako, zintarrietako eta areketako landaredia kenduko dute, uri-hondakin solidoen edukiontziak uzten diren eremuak garbi mantenduko dituzte, eta paperontziak hustuko dituzte. Gainera, esleipen-aldian urbanizatzen diren gune guztiak egin beharreko lanen barruan geratuko dira, eta sortzen diren beharren arabera, unean uneko beste zeregin batzuk iragarriko dituzte”.
Lan guztiek zenbait baldintza bete beharko dituzte zerbitzua “kualitatiboki hobetzeko”; esate baterako, bizitegi-eremuan inpaktu akustikoa sortzen duten motordun elementuak 08:00etatik aurrera erabiltzea, eta lanak koordinatzea lorazaintza-zerbitzuarekin eta udal-langileekin.
Hilean behin, enpresak aurreko hilebetean egindako lanen laburpena emango dio udalari, proposatutako zerbitzuen kudeaketaren eraginkortasuna zein aldez aurretik egin eta planifikatu ez diren lanen kopurua egiaztatzeko.