Euspot lehiaketaren publikoaren saria erabakitzeko momentua heldu da
Euspot lehiaketaren publikoaren sarirako barikutik astelehenera bitartean botoa eman beharko da.
Euspot Euskarazko Spot Lehiaketaren 15. aldian parte-hartze «handia» izan da. Guztira, 95 lan aurkeztu dituzten. Horietatik hamalau lan 18 urtetik gorakoek egin dituzte, eta 81 spot adin txikikoek. Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Elizondo, Iruña, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Aretxabaleta, Zarautz, Santurtzi, Ondarroa, Bergara, Arrasate, Azkoitia, Oñati, Villabona, Legazpi, Oiartzun, Eskoriatza…
Sari banaketa ekitaldia ekainaren 10ean egingo dute Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean, 19:00etan, eta orain, publikoaren saria aukeratzeko momentua da; hain zuzen ere, gaurtik astelehenera bitartean eman daiteke botoa, euspot.eus webgunean. Bertan ikus daitezke aurkeztutako lanak. Publikoaren boto gehien dituenak 500 euro jasoko ditu.
Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan? izan da aurtengo gaia, eta helburua izan da 30 segundoko iragarki bat sortzea, gazteak sare sozialetan euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzera bultzatzeko. “Ondo errotutako” lehiaketa da: “Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Mundu digitala euskaraz margotzea ekintza sortzaile eta boteretsua da. Euskara da gure bereizgarri nagusia mundu globalizatu honetan, eta edukiak euskaraz igotzean, identitate digital propioa eraikitzen dugu. Begirada berezia eskaintzen diogu munduari. Euskarazko sorkuntza kalitate handikoa da, eta indartzen ari da eduki-sortzaile berrien olatuari esker. Ondorioz, euskarazko edukiaren bolumena hazten ari da, eta gertuko edukiak kontsumitzeko joera handitzen doa”.
Arduradunen hitzetan, azken urteotako uztari eutsiz jarraitzen du Euspotek, eta aurten ere «sekulako» babesle eta laguntzaile zerrenda batu da euskarazko spot lehiaketaren deialdira, eta sei sari banatuko dituzte. Spotik onena 1.000 eurogaz sarituko dute, Publikoaren sariaren irabazleak 500 euro eskuratuko ditu, eta Gazteen saria, 18 urtetik beherakoena, 500 eurokoa izango da. Musika sinkronizazio onenaren saria irabazten duenak, ostera, 300 euro jasoko ditu. Bi sari gehigarri ere zehaztu dituzte: Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).
Formazioa. Aurten, 400 ikaslek parte hartu dute ikus-entzunezko publizitatearen sormenari buruzko formazio saioetan. Helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.