Udalerriko nortasuna bizirik mantentzen duten saltoki eta tabernak sarituko dituzte, beste behin
Nik Gernikan Sarien aurtengo VI. edizioak 1.000 euroko lau sari banatuko ditu, ohi legez: ibilbidea, berrikuntza, auzoko merkataritza eta tokiko ostalaritza aitortuko dituzte. Interesdunek abuztuaren 28ra arteko epea dute hautagaitzak proposatzeko.
Merkataritza txikia da Gernika-Lumoko bizitza ekonomiko eta sozialaren erdigunea. Eta, beste behin, hori sarituko dute Nik Gernikan Sariek. Udaleko merkataritza arloak seigarren aldiz sarituko du tokiko ekonomia sustatzen duten establezimenduen jarduna, eta, ohi legez, 1.000 euroko lau sari banatuko ditu: merkataritza ibilbideari, merkataritza berritzaileari, auzoko merkataritzari eta tokiko ostalaritzari dagozkienak. “Sari horiek udalerriaren jardunari eta nortasunari eusten dioten merkataritza eta ostalaritza establezimenduen lana aintzatesteko sortu ziren, eta hori egiten segituko dugu”, diote udal ordezkariek.
Alderdi ekonomikotik harago, sariek balioa eman nahi diote tokiko negozioek duten zereginari, izan ere, kontsumo ohituretan izandako aldaketek eta merkataritza eremuen gero eta homogeneizazio handiagoak markatutako testuinguru batean aurrera egiten jarraitzen dute. Helburua, beraz, argia da: proiektu berriek duten egokitzeko gaitasuna eta Gernika-Lumoko eguneroko bizitzaren parte izaten jarraitzen duten establezimendu historikoen jarraitutasuna aitortzea da.
Hori dela eta, ibilbide komertzialaren kategoriak udalerrian ezarpen luzea eta ibilbide finkatua duten negozioak saritzen ditu; merkataritza berritzaile eta berriaren atalak eskari eta kontsumo eredu berrietara egokitzeko gai diren ekimenak bereizten ditu; bestalde, auzoko merkataritzaren sariak hurbileko establezimenduek auzo biziaren elementu dinamizatzaile gisa duten garrantzia aitortzen du; eta, ostalaritzakoak, udalerrian gastronomia eta gizarte nortasuna indartzen laguntzen duten taberna eta jatetxeak nabarmentzen ditu.
Ideia horiei jarraituz banatu zituzten joan den urtean sariok: San Isidro Kooperatibak jaso zuen ibilbide komertzialaren saria, eta Lumiére Conceptek, berriz, merkataritza berritzailearena; aldiz, Barandiaran denda saritu zuten auzoko saltoki erreferente gisa, eta Boliña Zaharrak jaso zuen ostalaritza saria.
Abuztuaren 28a, epemuga.
Aurten ere, sariok banatzeko helburuz, udalak hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu du, eta abuztuaren 28an ezarri du epemuga. Hala, interesdunek Gertu herritarrentzako arreta zerbitzuaren bidez edo udal administrazio elektronikoan aurreikusitako bideen bidez aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak. Eskaerarekin batera, hautagaitza justifikatzen duten merezimenduei buruzko azalpen memoria aurkeztu beharko da, baita establezimenduaren argazkiak ere.
Zehaztu dutenez, Gernika-Lumon diharduten merkataritza eta ostalaritza establezimenduek parte hartu ahalko dute, baldin eta udal oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Behin hautagaitzak aurkeztuta eta epea amaituta, proposamenak baloratuko dituzte. Balio irizpideen artean, honako alderdiak hartuko dituzte kontutan epaimahaikideek: ibilbide profesionala, berrikuntza, tokiko bizitzarekiko inplikazioa, Gernika-Lumoren irudia sustatzea eta merkatuaren premia berrietara egokitzeko gaitasuna.
Informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek Gernika-Lumoko Merkataritzako Bulego Teknikora —Merkatu plaza, 1— jo beharko dutela adierazi dute, edo, bestela, 94 625 79 40 telefono zenbakira deitu edo gatc@gernika-lumo.eus helbide elektronikora idatzi dezaketela ere bai.