Udalak herritarren alegazioak aurkeztu dizkio Bizkaibusi, garraio zerbitzua hobetu dezan
Udalak Bizbaibus zerbitzuari dagozkion alegazioak aurkeztu ostean, mundakarrengandik jasotakoak bildu ditu, horiek ere helarazteko.
Bizkaibusen garraio publiko zerbitzuaren aurreproiektua dela eta, Mundakako Udalak herritarrengandik jasotako alegazioak aurkeztu ditu, aurretiaz plazaratutakoekin batera zerbitzuaren “kalitatea hobetzeko“, herritarren “mugikortasuna eta irisgarritasuna” bultzatzeko bidean. Udal gobernu taldeak “arretaz” aztertu ditu Bizkaibusek aurkeztutako aurreproiektuaren nondik norakoak, mundakarren “proposamenak, beharrizanak eta iritziak” kontuan hartuta eta zerbitzuaren “kalitatea nahiz eraginkortasuna” aintzat izanda. Beraien alegazioek “ibilbideen optimizazioa eta loturen hobekuntza” dituzte oinarri.
Udalak egin dituen proposamenen artean esanguratsuenetakoa Bilbo eta Bermeo Zornotzatik eta Gernika-Lumotik pasatuta lotzen dituen A3515 lineako autobusa joan-etorri bietan Goiko Kaletik igaro dadila eskatzen duena da. Geralekuaren egungo kokagunea, azaldu dutenaren arabera, herrigunetik “urrun” dago, eta herritarrentzako —bereziki, adinekoei edota mugikortasun urria dutenei dagokienez— “irisgarritasun zailtasunak” ditu. Bai jaiegunetan, bai asteburuetan autobus zerbitzuaren maiztasuna handitzea ere eskatu du udal gobernu taldeak. Argitu dute egun Mundakatik ordubeteko maiztasunarekin igarotzen direla autobusak, asteburuetan; “murritza” da sistema hori, udal ordezkarien ustez.
Gernika-Lumoko Malosteko Ospitalean geldialdi bat egitea “ezinbestekotzat” dute, bestalde; neurri hori “hainbat herritarren eskarietatik” jaso dute. Bestalde, gaueko zerbitzuan ere eragin gura du udalak. Aste bitartean gutxienez gauerdira arte luzatzea eskatu dute, eta asteburuetan “Gautxori itxurako zerbitzu bereziak” ipintzea ere bai: “Kultur ekintzak, musikagaz lotutakoak, futbol partiduak edota parekoak kontuan hartuta, Mundakako herritarrek ere horietan parte hartzeko erraztasunak eduki ditzaten”.
Erabiltzaile kopururik handiena hartzen duen puntako ordutegietan eragin guran, garraio sistemak “errefortzua” behar duela adierazi dute: “Erabiltzaile kopurua kontuan hartuta, puntako orduek errefortzua beharko luketela igarri dugu, batez ere, goizean zehar, alegia, herritarrak beharrera edota eskolara joaten diren ordutegian”.
Udalaren azken alegazioak segurtasunagaz lotura du. Alde horretatik, erabiltzaileen eta gidarien arteko tentsioan ipini dute fokua, egungo sistemak “aldaketa behar duela” azpimarratuta. Ez hori bakarrik: autobusa maiz “bete-beteta” joaten dela eta jendeak bidaia “zutik” egin behar izaten duela argitu dute: “Bidaiarien artean osasun arazoak —zorabioak, itotze sentsazioa eta abar— gertatzen direnean, tentsio egoerak sortzen dira”. Hori dela eta, jesarleku bakoitzako bidaiari bat hartuko duen autobus zerbitzua bermatzea eta ibilgailuen ekipamenduaren mantenua —kasurako, berogailu sistemarena edota leihoena— “egunero” gainbegiratzea eskatu dute.
Aurkeztutako neurriek herritarren artean garraio publikoaren erabilera “sustatuko” dutelakoan, erabiltzaileentzako “esperientzia erosoagoa eta eraginkorragoa” bilatzeko proposamenak dira aurkeztutakoak, baita zerbitzu publikoaren “kalitatea eta jasangarritasuna” hobetzen lagunduko dutenak ere.