Elexalde-Zeeta auzoko bide segurtasuna hobetu dute
Ereñoko Udalak Ereñone baserriaren aldamenean kokatuta dagoen udal bidea eta haren euste horma sendotzeko lanak egin ditu, azken asteotako eurite eta ur isurketa kalte handiak konpontzeko.
Ereñoko Udalak hirigintza eta segurtasun lanak egin ditu egunotan, Ereñone baserriaren alboan, Elexalde-Zeeta auzunean, kokatuta dagoen udal bidea eta haren euste hora sendotzeko. Eremu horrek, izan ere, azken asteetan erregistratu dituzten prezipitazio esanguratsuen eta ur isurketen ondorioak pairatu ditu; kalte horiek konpontzea izan da obren helmuga.
Horretarako, udal gobernu taldeak 45.632 euroko (BEZ barne) inbertsioa egitea onartu zuen, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren %80ko dirulaguntza jaso. Euste berria eraikitzea izan da zatirik azpimarragarrienetako bat, harri lubetaz osatuta. Hormaren egituran ere eragin dute, hura hobetzeko; zoladurari konponketak egin dizkiote eta drainatze sistemari, aldiz, hobekuntzak ezarri. Hala, urak etorkizunak sor ditzakeen kalteak ekidingo lituzkete.

Argazkia: Ereñoko Udala.
Udalerriko egunerokotasunean bide garrantzitsua da obrak hartu dituena: alde batetik, Ereñozar mendira eta San Migel baselizara igotzeko sarbidea da; bestetik, inguruko baserri nahiz lursailei zerbitzua ematen die, baita basobideei ere. Euriteen ondorioz egin behar izan zuten txosten teknikoek ohartarazi zuten ur isurketa erraldoiek “zoladuran hondoratzeak, horman pitzadurak eta zorua galtzea” eragin zituztela, eta, ondorioz, “zirkulazioaren segurtasuna arriskuan” jarri zutela.
Ereñoko alkate Ager Lejarretak nabarmendu du obra horrek eta haren tankerakoek udalerri txikietako herritarren eguneroko bizitzan “eragin zuzena” daukatela: “Bai auzotarrek, bai bide hau erabiltzen dutenek sarbide seguruagoa eta egonkorragoa edukiko dute aurrerantzean, eguneroko mugikortasuna eta segurtasuna hobetuta”. Halaber, Lejarretak iragarri zuen segurtasun bionda ipiniko dutela obrak egindako eremuan, “uda iritsi baino lehen”. Ez hori bakarrik: alkateak argitu du badenak ere jarriko dituztela, trafikoaren bi noranzkoetan.

Argazkia: Ereñoko Udala.
Herritarrei entzutea eta haien beharrizanei erantzuna ematea “erabat beharrezkotzat” jota, haien egunerokotasunari eta udalerriko sarbideen segurtasunei “zuzenean eragiten diete eskakizun zehatzei” erantzuten diete Elexalde-Zeetako lanek, eta landa nahiz auzo azpiegiturak mantentzeko zein hobetzeko proiektuekin aurrera jarriatuko dute, “udalerriko bizi kitatea eta kohesioa bermatzeko konpromisoz”.