Esnatu dinamika aurkezten ari dira herriz herri, "eragileak ahalduntzeko eta kontzientziatzeko"
Arritxu Zelaia UEMAko teknikariarekin elkartuko dira eguenean (maiatzak 28) Muxikan eta ekainaren 3an Ean. Tokian tokiko datuak zein Euskal Herriko datu orokorrak aztertuta, euskararen egoerari buruzko hausnarketa egingo dute, eta eragileek hartu beharreko konpromisoei buruz hitz egingo dute.
Apirilaren 14an aurkeztu zuen Esnatu ekimena Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, arlo askotariko hamazortzi eragilerekin batera, Orion, eta orain, herriz herri, euskararen egoera erakusten duten datuetan eta bilakaeran oinarrituta, hitzaldiak antolatzen ari dira, beti ere eragileak “ahalduntzeko eta kontzientziatzeko” asmoarekin: “Herriz herri edo eskualdez eskualde euskararen egoera erakusten duten datuetan eta bilakaeran oinarrituta, hitzaldiak edo foroak antolatu dituzte UEMAk eta udalek”.
Eguen honetan (maiatzak 28) Muxikan elkartuko dira. Arritxu Zelaia UEMAko teknikariak emango du Esnatu. Gure hizkuntzak har dezan arnas hitzaldia, 18:00etatik aurrera, Ariatzako eskolan Euskararen egoera eta bilakaeragaz batera, Euskal Herriko zein Muxika, Ibarruri eta Gorozikako datuak aztertuko dituzte.
Ean, berriz, ekainaren 3an (eguaztena) daukate hitzordua. 18:30an Eskolondon bilduko dira Zelaiagaz. Eako Udalak, Euskara Batzordeak eta UEMAk elkarlanean deituta, hiru gai nagusi landuko dituzte; Euskal Herriko eta Natxitua, Bedarona eta Eako egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa egin, UEMAren Lurralde Estrategia aurkeztu eta udalerri euskaldunei eusteko eragileek zer egin dezaketen aztertuko dute.
Zelaiaren berbetan, egoeraren gordintasuna azaldu nahi dute, eta horren aurrean herritarrak eta eragileak zein konpromiso hartzeko prest dauden ikusi. Izan ere, argi daukate tokikotik eta bakoitzak bere arduratik eragitea beharrezkoa dela: “Datuek esaten dutena da arnasguneak desagertzeko zorian egongo direla hamar urte barru. Datu orokor batzuk eta herriko datuak eta joerak zeintzuk diren ikusiko dugu hitzaldietan, baita horien aurrean zer egin genezakeen ere. Eragileei zuzendutako konpromiso dinamika daukagu. Nazio mailako eta erakunde publikoen konpromisoez gain, eragileen konpromiso dinamika abiatu da, uste dugulako besteekin nahikoa ez delako. Orain artekoa eginez, ez diogu eutsiko, eta jakin nahi dugu jendea zelako konpromisoak hartzeko prest dagoen, xumeetatik hasi eta handiagoetara”.
Bermeon, ostera, urriaren 24an, 11:30ean egingo dute saioa. Esnatu ala hil liburua aurkeztu du Garikoitz Goikoetxeak, eta Esnatu dinamikaren azalpena ere egingo dute.
Eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileek hartu ditzaketen konpromisoen inguruko hausnarketa sustatu nahi dute, eta, beraz, tokiko eragile eta elkarteei bat egiteko eskatu diete: “Gaur egun bezala jarraituz gero, eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo duela diote ikerketek, eta horri erantzuteko eta egoera iraultzeko arduratik sortutako ekimena da Esnatu dinamika. Era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileen konpromisoak sustatzea da ekimenaren asmoa”.
2026ko otsailean aurkeztu zuen UEMAk Lurralde Estrategia proposamen politikoa, eta proposamen hori erakundeekin eta alderdiekin lantzen hasi da mankomunitatea, baina ohartarazi dute guztia ezin dela erakunde publikoen esku utzi: “Herriko eragileen esku ere badago arnasguneak bizirik mantentzea. Dena ezin dugu utzi Lurralde Estrategiaren esku, dena ezin dugu erakunde publikoen esku utzi. Herritarren eta eragile desberdinen ahalduntzea eta konpromisoa ezinbestekoak dira arnasguneak babesteko. Eragileon esku ere badago udalerri euskaldunek euskaldun izaten jarraitu ahal izatea, norberak nahi eta ahal duen neurrian”.