'Esnatu' ekimena aurkeztu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hamazortzi eragilerekin batera aurkeztu du ‘Esnatu’ dinamika, eta eragileek konpromiso zehatzak hartu dituzte.
Gaur eguerdian Orion aurkeztu dute 'Esnatu' dinamika Era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileen konpromisoak sustatzea helburu duen Esnatu dinamika aurkeztu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, egoera iraultzeko konpromisoak hartu dituzten hamazortzi eragilerekin batera. Arduradunen hitzetan, ekimenak hasieratik jaso duen «babes zabalaren erakusle da lehen hamazortzi eragileen zerrenda». Arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan eragiteko, eragile horien konpromisoak bildu ditu UEMAk. Besteren artean, AEK, Bilgune Feminista, ELA Sindikatua, Euskaldendak Konfederazioa, Euskalgintzaren Kontseilua, Hekimen, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Pilota Federazioa eta eta Euskadiko Futbol Federazioa daude zerrenda horretan.
Esnatu dinamikari azaroan emango dio amaiera UEMAk, eta azaroaren 26an ezagutaraziko du ekimenarekin bat egin duten eragile guztien zerrenda, hartu dituzten konpromisoekin batera.
Datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbeherarekin kezkatuta, Uemak «arduraz bizi» du ikerketek hurrengo urteotarako aurreikusten duten galera. Izan ere, Martin Aramendi mankomunitatearen lehendakariak esan bezala, UEMAk argi dauka arnasguneak eta lurgune euskaldunena «giltzarriak» direla euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea «ezinbestekoa» dela, euskararen lurralde osoan eragiteko eta euskararen biziberritzean motor izateko: «Hori da otsailean aurkeztu genuen Lurralde Estrategia euskararentzat proposamenaren oinarria. Ezinbestekoa da egoerari buelta ematea, eta kezka eta ardura horretatik sortu da Esnatu dinamika ere».
Azaldu duenez, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea izan da, nolabait, ekimenaren aitzindaria: «UEMAren eskariz Siadecok egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2036. Proiekzio demolinguistikoa ikerketak aurkeztu genuen iaz. Besteak beste, eremu euskaldunenaren gainbehera aurreikusten du ikerketak, arnasguneak ia desagertzeraino, eta horrek oihartzun handia izan zuen hedabideetan». Hura ikusita, eta ondorioekin «oso kezkatuta», Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak bilera eskatu zion UEMAri, eta egoerari «buelta emateko», udalerri euskaldunetan «bere esku zegoen guztia» egiteko prest agertu zen, hartu beharreko konpromisoak hartuta: «Bertsozale Elkartearekin lankidetzan egin genezakeen bidea aztertzen hasi ginenean, beste hainbat eragile ere prest zeudela ohartu ginen, euskarak behar duen pizkunde berriari ahal duten heinean ekarpena egiteko gogotsu baitaude bateko eta besteko talde, elkarte eta askotariko eragileak. ‘Esnatu ala hil’ esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua».
Ainhoa Urien Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakariaren hitzetan, arnasguneen eta udalerri euskaldunen gainbehera «sintoma larria» da euskararen biziberritzerako: «Galera, gainbehera, atzera eta akabera errima sendoak dira, baina horien aurrean guk beste batzuk aldarrikatu nahi ditugu: euskara indarberritzeko aukera, pizkundearen hasiera eta konpromisoaren bandera, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendo ikusteko ostera. Bertsolaritza zerbait baldin bada, euskarazko jarduna da, eta gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa daukagu UEMArekin batera euskararen lurgunea sendotzeko».
Dinamikaren sustatzaileak sinetsita daude pizkunde berri baterako oinarriak jar ditzaketela denen artean, eta horregatik hartu dituzte konpromiso zehatzak, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendo nahi dituztelako, eta euren esku dagoena eta dagokiena egiteko prest daudelako.
Herriz herri. Dinamika herrietara ere zabalduko dute bihartik aurrera; hitzaldiak, foroak eta eragileekin bilera zuzenak egingo dituzte: «Herrien edo eskualdeen tipologiaren arabera modu batera edo bestera ekingo dio UEMAk horiek prestatzeari, udalekin lankidetzan». Herriz herri edo eskualdez eskualde euskararen egoera erakusten duten datuetan eta bilakaeran oinarrituta, hitzaldiak edo foroak antolatuko dituzte, «beti ere eragileak ahalduntzeko eta kontzientziatzeko asmoarekin». Era berean, eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileek hartu ditzaketen konpromisoen inguruko hausnarketa ere sustatu nahi du mankomunitateak.
Eragileek hartutako konpromisoak
AEK:
UEMArekin elkarlanean, “Etorri euskarara!” ikastaroak zabaltzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du AEKk, baita herri txikietan euskara eskolak ematen jarraitzeko konpromisoa ere.
Bankoa Abanca:
Gure bulegoetan, herritarrek, etxean bezala, modu naturalean euskaraz aritu daitezkeela sentitu dezaten eta aritu daitezen eragitea. Herritarrak ahaldundu daitezen nahi dugu, eta diruari buruz euskaraz aritzea naturala dela sentitu dezaten: dela dirua ekarri, eraman edo eskatzeko.
Euskaraz bizi nahi dugulako gure bizitzako eremu guztietan. Eta finantzez, ekonomiaz, zenbakiez… euskaraz jarduteko prestatuta gaudelako.
Irauli nahi dugu pentsatzea zenbakiak gaztelaniaz errazago direla, gaztelaniaz kontratuak errazago ulertzen direla, hipoteka bat gaztelaniaz eskatzeak seguruago sentiarazten gaituela.
Egunerokotasuna ekarri nahi diegu ekonomia eta finantza gaiak euskaraz bizitzeari. Hauxe gure konpromisoa.
Bilgune Feminista:
Feminismotik, gure jardunean, hizkuntzaren balio politikoa lantzea, hizkuntza intersekzionalitatearen ikuspegitik urratsak ematea eta hizkuntza eraldaketarako motore bilakatzea, denontzat eta eskuragarria izan dadin.
Cederna-Garalur:
Cederna Garalurren lantzen ari garen euskara plan berrian euskararen arnasguneak berariaz zaintzeko neurriak hartzea.
ELA:
Arnasgunetan euskara planak enpresetan ezartzeko kanpaina bat egiteko konpromisoa hartzen due ELAk, baita gure egoitzetan harrera planetan errefortzua egiteko konpromisoa ere, non hizkuntza eskubideak guztiz errespetatuko diren.
Euskadiko Futbol Federazioa:
Arnasguneetako futbol klubetan eta futbol partidatan erailera orokorreko hizkuntza euskara izan dadin sustatuko du Federazioak.
Euskaldendak Federazioa:
Euskaldendak-ek egiten dituen komunikazioetan euskara lehenesteaz gain, bereziki sustatuko du euskararen erabilera arnasguneetan.
Euskalgintzaren Kontseilua:
Batuz Aldatu dinamikan udalerri euskaldunetan eragiteko lurralde estrategia txertatzeko konpromisoa hartzen du Kontseiluak.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartea:
- UEMAko udalerri guztietako ikasleek Hezkuntza Arautuan bertsolaritzako eskolak emateko konpromisoa hartzen du Elkarteak (UEMA udalerrietako LHko haurrak)
- Beharraren araberako saioak edo formazioak eskaintzea UEMAko parte diren udalerrietan. Izaera ezberdineko saioak izan daitezke:
- Hezkuntza Arautuko bertsolaritza saioetan ikasleek lantzen duten guztiaren berri emateko mahai-inguru edo hitzaldiak bertsolaritza gertuko ez zaien familientzat.
- UEMAko udalerrietako euskal hiztunak ez diren familiei zuzenduta eta UEMAko udalerrietako familia etorkinei zuzendutako bertsolaritzaren inguruko saio teoriko-praktikoa.
- Ahozkotasuna lantzeko tailerrak. Bertsogintzatik abiatuta, lanketa horretarako lehen urratsak ematea.
Euskal Pilota Federazioa:
Euskal Pilota Federazioak, arnasguneetako pilota klubekin zein horri dagozkion administrazioarekin komunikazioak euskara hutsean bideratuko ditu eta pilota klub horietan entrenatzaileak euren jardunari dagokionean zein pilota partidatan erabilera orokorreko hizkuntza euskara izan dadin bermatuko du.
Fagor Taldea:
Arnasguneetako enpresatan euskara lehenetsi eta hizkuntza irizpide aurrerakoiak ezartzeko konpromisoa hartzen du Fagor Taldeak.
Hekimen:
Hekimen elkarteak arnasguneetako euskaldunen hizkuntza eskubideak aintzat hartu eta euskal prentsa sustatzeko konpromisoa hartzen du.
Ika euskaltegiak:
Orain arte bezala, aurrerantzean ere, herritar guztiak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanean segitzeko konpromisoa berresten du IKAk, gure herrian gure hizkuntza nagusi izan dadin bizitzaren alor guztietan.
Kutxabank:
UEMArekin eta UEMAko kide diren udalekin dugun hitzarmena betetzea eta arnasguneetan ditugun bulegoetan hizkuntza irizpide aurrerakoiak ezartzen jarraitzea.
Laboral Kutxa:
UEMArekin eta UEMAko kide diren udalekin dugun hitzarmena betetzea eta arnasguneetan ditugun bulegoetan hizkuntza irizpide aurrerakoiak ezartzen jarraitzea.
LAB sindikatua:
Barne funtzionamenduari begirako konpromisoak.
Barne-bilkurak euskaraz garatzea.
- Ahozko bestelako barne-jarduerak euskaraz garatzea.
- Barne-idazkiak euskaraz idaztea.
- LABen egoitzetako errotulazio, ohar eta bestelakoak euskaraz izatea.
- LABek arnasguneetan lan egiteko kontratatuko dituen langile berriak ezinbestean euskaldunak izatea.
Kanpora begirako jarduerarako konpromisoak.
- Bere eguneroko jarduera sindikala euskaraz garatzea, bai idatzizkoan bai ahozkoan.
- Lan munduaren euskalduntzean eragiteko konpromisoak.
- Euskaraz lan egitea normalizatu eta orokortzeko, administrazioz administrazio eta enpresaz enpresa euskalduntzeari begirako neurriak aldarrikatzea, horien artean: euskara-planak sustatzea, hizkuntza-irizpideak indarrean jartzea eskatzea, eta, langileak euskalduntzeko bitartekoak eta erraztasunak eskatzea.
Lanartea:
Garai hobeak helburu, garairik ilunenetako grina beraz, LANARTEAn biltzen garen kulturgileok lan egingo dugu gure jarduna eta ekimenak euskararentzako arnasgune eta elikagune izan daitezen.
Plazaola:
- Euskarari buruzko atal propioa sortzea webgunean (plazaola.eus).
- Turismo bulegoko bisitarien artean euskarazko hiztegi bat banatzea.
- Partzuergoko bazkideen artean euskararen erabilera handiagoa sustatzea.