Ondareak, musikak eta itsasoko zaporeek bete dute Bermeo
Mota guztietako pintxoek, musika eta tradizioak eta bertako produktuek erakarrita, herritar zein bisitariek Bermeo bete dute 32. Arrain azokaren bigarren egunean.
Bermeoko Lamera bete du 32. Arrain Azokak bigarren egunez. Azokaren irekierarekin batera, jaiari hasiera eman zien atzo [maiatzak 22], eta asteburuan murgilduta, milaka izan dira gaur [maiatzak 23] herria bete duten bermeotarrak eta toki guztietako bisitariak. Portuzaharrean, Lameran zein etxeetako balkoi eta zabaldutako leihoetan ikusi zitekeen jendea, eta mahonezko jantziek itsasoko kolorez bete dituzte bazterrak. Bermeoko harmarridun zapiak lepoan jantzi ditu jendeak, azoka bizirik dagoela eta herriarentzat erakusleiho den asteburu bat iragarriz.
Mota, kolore eta zapore guztietako pintxo eta produktuak izan dira protagonista gaurkoan. Antxoa, atuna edo izokina izan dira jendearen gustokoenak, eta etenik gabeko salmentak izan dituzte txosnetan beharrean aritu direnek. Eguzkiak eguraldi ezinhobea ekarri du lehen orduetan, hala ere, goi-goian jarri denerako, gerizpea bilatzea zuten helburu askok eta askok. Jana eta edari hotzak izan dituzte esku artean bisitari guztiek; bakarka, bikoteka edo lagun-taldean zapore berriak dastatzen eta elkarbanatzen aritu da jendea goiz guztian zehar. Bazkaltzeko ordua ere bertan heldu zaie askori, eta Gune Solidarioak bertaratu diren ehundaka pertsona hartu ditu. Marmitakoa eta atun errea jateko aukera izan du jendeak, ordaindutako dirua sei eta hamabi urte bitarteko haurren tratamenduak ordaintzeko osasun-sistema publikora bideratuko dela jakinda. Euskal Herriko edozein jai girotan falta ez den talo postuak ere izugarrizko arrakasta izan du, eta etenik barik aritu dira oreari eragiten . Txosnen eskaintzari begira eta urtero bezala, kontserbak erostea hautatu dute askok. Arrain Azokan dastatutakoa bakarrik ez, bertan bizitakoa ere etxera eramateko modua izaten baita.

Zaporeetaz gain, tradizioa eta kultura izan dira gaur azokaren erdigune. Bermeoko sustraien eta nortasunaren irudi izaten da Arrain Azoka urtez urte, eta horregatik, izate hori musikaren bitartez plazaratu dute gaur herriko hainbat musikari eta eragilek. Musika Eskolako Kankinkabara, kantari txikiak eta Arrekatxutxa taldeen txanda izan da eguerdian, eta tradizioz betetako doinu alaiekin Portuzaharra girotzen aritu dira. Alde Zaharrean hasi eta Portuzaharrera egin du bidea KIETB erraldoi txikien taldeak, eta muiskarien erritmoa jarraituz eta portuan zeuden familia eta lagun taldeen begiradak eurengaantuz, erraldoien tradizioa Bermeon bizirik dagoenaren erakusgarri izan dira. Urrunetik danbor hotsak entzun dira orduan. Hurre-Hurre eta Adiskide txokoetako joleek Portuzaharra eta Lamera hartu dituzte, herritarrei danborren eta metalezko musika tresnen soinuak eskainiz.
Azoka aldarrigune bihurtu dute gaurkoan ere. Kontserberetako beharginek elkartzeko beharra izan dute beste behin, eta ozen entzun da Lameran bide bakarra baldintza hobeen aldeko etengabeko borroka dela. “Prekarietateari amaiera” emateko ordua dela adierazi dute, eta baita bizitzeko eta lan egiteko baldintzak hobetuko dizkien “hitzarmen duin” bat exijitu ere. Hala, ospakizuna nagusi bada ere, borrokak badu tokia bermeotarren Arrain Azokan.

Lameran batu dira kontserberetako langileak.
Gaurko egitaraua 20:00etan hasiko den Josu Zabalondo eta Luis Cuetoren ikuzkizunak itxiko du; betiko abesti ezagunen emanaldia egingo dute Frontoian.