Euskararen eguneroko erabilera sustatuz
24. Korrikak utzitako sentsazio indartsuei helduta, AEK-k hainbat konpromiso hartu zituen, euskararen pizkunderako zer eskaini ahal duen erakutsi nahi baitiote Euskal Herri osoari. Beraz, jendartean euskararen normalizazioa bultzatzeko, euskaraz praktikatzeko Mintzodromoak antolatu zituzten atzorako (maiatzak 21) hainbat herritan, tartean Bermeon eta Gernika-Lumon. Eta erantzun bikaina izan dute.
Izan ere, Gernika-Lumon Astran bildu ziren, AEKk Berbalagunekin elkarlanean antolatutako Mintzodromoan. 20 lagun elkartu ziren bertan, eta denetariko gaiak jorratu zituzten: etxeko animaliak, gaur egungo lanbideak, euskararen egoera eta euskararen kaleko erabilera, besteren artean. Eguneroko gaiak izan ziren landutakoak, ze, euskararen eguneroko erabilera sustatzea bilatzen duen elkar eragiteko espazioak dira Mintzodromoak. “Denetariko aukera izan dugu hausnartzeko, barre egiteko eta eztabaidatzeko, baina beti euskaraz!”, adieraz dute arduradunek. Eta nabarmendu dute euskararen aldeko mugimendua ez dela Korrikarekin amaitzen, mugimendu hori “ahalik eta gehien lizatu behar dela” adierazita. Hala, Mintzodromoaren balorazio “oso positiboa” egin dute.
Izan ere, uste dute benetako lanketa edo konpromisoa behin Korrika igarota datorrela: “Asmo handiko helburuekin abiatu genuen lasterketa, baina Korrikak irauten duen 11 egunetatik harago joan behar dugu”, azaldu zuten, eta Korrikaren 12. Eguna prestatu zuten, Mintzodromoetan elkartzeko.
