San Pedro jaietako kartel lehiaketa abian da
Mundakako Udalak abian ipini du aurtengo San Pedro jaietarako kartel lehiaketa herrikoia. Ekainaren 5a bitarte, mundakarrek beraien proposamenak aurkezteko aukera edukiko dute, eta txapelketaren irabazleak 300 euroko saria poltsikoratuko du. Udalak argitara eman ditu kartel lehiaketaren oinarriak, eta zehaztu du parte hartzaile bakoitzak gehienez proposamen bi baino ezin izango dituela aurkeztu, DIN A2 formatuan eta euskarri fisikoan zein digitalean. Halaber, proposamenek Mundakako San Pedro jaiak 2026 leloa agerian eduki beharko dute. Udal bulegoetan aurkeztu beharko dituzte, 09:00retatik 14:00etara bitarteko ordutegian.
Lanek aipatutako leloa baino ezin izango dute eduki nabarmenduta, alegia, egilearen izen-abizen barik aurkeztu beharko dira; hori bai, gutunazal baten barruan entregatu beharko dira, eta bertan autorearen izen-abizenak, telefono nahiz NA zenbakiak ipini beharko dira. Lehiaketaren sariketaren data oraindik ez dute publiko egin, baina bai aurreratu kartel irabazlearen eskumenak udalarenak izango dira; lehiara aurkeztutako baina saririk jaso ez duten gainontzeko lanak udal bulegoetan batu ahalko dituzte partaideek. Epaimahaia ere udalak aukeratuko du, eta haren azken hautua apelaezina izango da.