Maietz Pazko jaien ordua ailegatu da
Arratzun eta Muxikan bariku iluntzean [maiatzak 22] emango diote hasiera ekintza eta jai giroz beteriko asteburuari. Sukarrietarrak, ostera, sukalki lehiaketan batuko dira zapatuan.
Sanisidroen lekukoa hartzera datoz Maietz Pazko jaiak, eta Arratzun, Muxikan eta Sukarrietan gogotik ospatzeko prest daude. Egitarau oparoak prestatu dituzte, Busturialdeko herri txikietan ospakizun handiak prestatzen dituztela erakusten dutenak. Hala, festa eta giro herrikoia nagusituko dira hiru udalerrietan datozen egunetan.
Arratzu eta Muxika izango dira jaiei ekiten lehenak, bariku [maiatzak 22] iluntzean ekingo baitiote biek festari. Ugarten dute hitzordua muxikarrek, 20:00etan, orduan botako baitute txupinazoa. Jarraian, bakailao jana eta pultsu txapelketa izango dituzte aukeran. Edonork izango du bigarrenez egingo duten txapelketan parte hartzeko aukera, izen ematea egunean bertan egingo baita. Horiek bukatuta, Taixuz erromeriagaz biribilduko dute eguna.
Goizean atseden hartuta, zapatu eguerdian [maiatzak 23] jarraituko dute egitarauagaz, auzo poteoan eta herri bazkarian elkartuta. Gaur [maiatzak 20] da bazkarirako tiketak eskuratzeko azken eguna, 618 01 14 67 telefono zenbakira WhatsApp-a bidalita. Gainera, ez dira briska eta mus txapelketak eta musika emanaldiak faltako, Apokhalipsis eta Orkestra Elektrotxaranga igoko baitira oholtzara.
Domekan [maiatzak 24], jaiak agurtzeko, urteroko balkoitik balkoira arteko bertso saioan batuko dira herritarrak. Goi mailako bertsolariez gozatuko dute, Onintza Enbeita Maguregi muxikarra eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernika-lumotarra igoko baitira aurten balkoietara.
Bost eguneko festa.
Arratzuarrak ere 20:00etan batuko dira etzi, Goikuri Elkartearen eskutik pregoia entzun eta txupina botatzeko. Buruhandien kalejiraren ostean, horiek ere mahai ingurua izango dute topagune, sartenekoa dastatzeko. Muxikan bezala, Arratzun ere ez dira dantza eta kantua ere ez dira faltako, Gora Herria erromeriaz gozatuko baitute 22:30etik aurrera.
Zapaturako ere egun guztiko egitaraua ondu dute, eta ez dira herri kirolak, herri bazkaria, irrintzi txapelketa edota playback-a faltako. Bazkarirako txartelak Arratzuko Herriko Tabernan eskuratu daitezke, eta play-backerako izen ematea ere zabalik dago: arratzukojaibatzordea@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali beharko da zapatua aurretik, talde parte hartzailearen izena eta abestia adierazita —MP3 formatuan edo esteka ipinita—. Jaia goizaldera arte luzatu asmoz, Gauergi Erromeria eta DJ Areneren emanaldiak egongo dira.
Domeka goiza frontoian igaroko dute arratzuarrek, Arratzuko Esku Pilota txapelketaren finalak lehiatuko baitira. Astelehena [maiatzak 25], berriz, hiru eguneko egitarauaren ostean indarrak berreskuratzeko hartuko dute, eta martitzenean [maiatzak 26] jarraituko dute festagaz: meza ostean Maietz Pazko bazkarian batuko dira, herriko tabernan. Arratsaldean Oier Juradoren magia ikuskizunaz gozatu ostean, Arratzuko Piñabolak Otxotearen eskutik jai amaierako txupina botako dute.
Sukalki eguna.
Sukarrietan ere asteburu berezia dute aurretik. Zapatuan sukalki lehiaketan batuko dira, sukalki errezeta tradizionala prestatzen trebeena nor den ezagutu eta eguna lagunartean pasatzeko.
Kozinatu bitartean baina, ez dira Sustabiz Fundazioaren eskutik herri kirolak faltako, eta saio parte hartzaileen bidez, arrauna eta bestelako herri kirolak ezagutu ahal izango dituzte. Gainera, Gari Elorriaga, Patxi Bilbao, Ane Antxutegi eta Jon Onaindiak erakustaldia ere eskainiko dute, 13:00etatik aurrera. Ostean, sukalki lehiaketako sariak banatu eta herri bazkarian batuko dira.
Egun lasaiagoa izango dute domekan sukarrietarrek, baina edonola ere, ez da jan-edanik faltako. 13:30ean sardinada izango dute aukeran, Plazuelan. Ostean, Plazato tabernan lehiatuko duten mus txapelketaren 24. aldiagaz agurtuko dituzte jaiak, datorren urtera arte.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI:
ARRATZU
- Maiatzak 22, barikua
- 20:00. Jaien hasiera. Pregoia eta txupina, Goikuri Elkartearen eskutik.
- Ostean. Buruhandien kalejira.
- 21:00. Sartenekoa.
- 22:30. Gora Herria erromeria.
- Maiatzak 23, zapatua.
- 11:30-13:00. Pottokak.
- 13:00. Herri kirolak: Bizkaiko Lasto Botatze Txapelketa.
- 15:00. Herri bazria frontoian. Txartelak Arratzuko herriko tabernan salgai.
- 15:30. Umeentzako ekintzak Ehunzangoren eskutik.
- 19:00. Herritarren arteko irrintzi txapelketa.
- 20:00. Playback. Maiatzaren 18tik 23ra arte email (arratzukojaibatzordea@gmail.com) bidez izena eman behar da, eta parte hartzaileen izena eta abestia bidali beharko dira.
- 22:30. Gauargi erromeria.
- Ondoren. Dj Arene.
- Maiatzak 24, domeka.
- 11:00-14:00. Arratzuko Esku pilota txapelketaren finalak.
- 12:30. Meza nagusia, Arratzuko koriak abestuta.
- Maiatzak 26, martitzena.
- 13:00. Meza.
- 15:00. Maietz Pazko bazkaria herriko tabernan.
- 18:00. Oier Jurado, magoaren ikuskizuna.
- Ostean. Txokolate beroa guztiontzat.
- 20:00. Arratzuko Piñapolak Otxotearen eskutik, jai amaierako txupina.
MUXIKA
- Maiatzak 22, barikua.
-
20:00. Txupinazioa Egundo taldearekin.
-
Gero. Makailo jana.
-
Ostean. II. Pultsu txapelketa. Izena eman beharko da egunean bertan.
-
22:30. Taixuz erromeria.
-
- Maiatzak 23, zapatua.
- 13:30. Auzo poteoa.
- 14:30. Bazkaria. Izena eman beharko da maiatzaren 20a aurretik, 618 01 14 67 telefonora whatsappa bidalita.
- 16:30. Goitibehera lasterketa.
- 17:30. Briska eta mus txapelketa. Izena eman beharko da egunean bertan.
- 21:00. Kontzertuak: Apokhalipsis eta Orkestra elektrotxaranga.
- Maiatzak 24, domeka.
- 12:00. Meza.
- 13:00. Basotxoritxu dantza taldea.
- 14:15. Balkoitik balkoira bertso saioa Onintza Enbeita Maguregigaz eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiolagaz.
SUKARRIETA
- Maiatzak 23, zapatua.
- 09:00. Txupinazoa.
- 10:00. XLII. Sukalki lehiaketarako izen ematea.
- 10:30. Pilota partiduak, Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko pilotariekin.
- 11:30. Sukarrietako Kantagune taldea, kalez kale.
- 13:00. Herri kirol erakustaldia: Gari Elorriaga (Gernika-Lumo), Patxi Bilbao (Amoroto), Ane Antxutegi (Usansolo) eta Jon Onaindia (Mendata).
- 14:00. Sukalki kazolen aurkezpena.
- 14:30. Sari banaketa.
- 15:00. Herri bazkaria, parkean.
- 17:30. Haurren jokoak, parkean.
- Maiatzak 24, domeka.
- 11:00. Meza nagusia.
- 12:00. Trikitixa.
- 13:30. Sardinada, Plazuelan.
- 17:00. 24. Mus Txapelketa, Plazatxo tabernan.