Kirola eta aisialdia uztartuko dituzte Busturialdeko Udalekuetan
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Busturialdeko zenbait udalek (Ajangiz, Arratzu, Elantxobe, Errigoiti, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Muxika eta Nabarniz) Busturialdeko Udalekuak antolatu dituzte aurten ere, eta horietan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 29ra bitartean izena eman behar dute. Internet bidez izena eman daiteke.
9 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteei zuzendutako kirol eta aisialdi programa da. Ekainaren 29tik uztailaren 10era bitartean, Busturialdeko hainbat tokitatik ibiliko dira (Laida, Bermeo, Mundaka, Arrola, Sukarrieta, Ereñozar…), 09:30etatik 14:00etara bitarteko ordutegian: “Udalekuen helburua da gaztetxoek udako oporraldia modu aktiboan eta osasuntsuan disfrutatzea, eskualdeko beste herrietako gazteekin harremanak sendotuz eta Busturialdeko natur guneak eta aisialdirako aukerak ezagutuz. Horretarako, egunero autobusez mugituko dira eskualdeko leku desberdinetara”.
Besteak beste, stand up paddle, kayak, hondartzako kirolak, mendira irteerak eta uretako ohe elastikoak edukiko dituzte aukeran. Prezioari dagokionez, udalerrietan erroldatutakoek 139,15 euro ordaindu beharko dituzte, eta erroldatuta ez daudenek, ostera, 278,30 euro.