Feminismotik, "bakeak egiteko" modu berriak lantzen
Emakumeak eta bakeak* gaia ardatz hartuta, Emakumeen Munduak XV. Nazioarteko Kongresua hartu du Gernika-Lumok.
Emakumeen Munduak XV. Nazioarteko Kongresuan elkartu dira gaur [maiatzak 20], Gernika-Lumon. Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundurak antolatu dute, eta horietako ordezkariak pozarren agertu dira. Euren hitzetan, hainbeste emakume elkartuta ikustea pozgarria da, eta elkartzeko, gogoratzeko eta gozatzeko “lan egun” biziak dituzte aurretik.
Orain dela lau urte Mozambike izan zuten topagune, eta Teresa Cunhak eta Isabel Casimirok pasatu diete testigua Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura erakundeen ordezkariei. Antolakuntzaren izenean, Maria Oianguren Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko zuzendariak, Elia Malaxetxeberria Gernikatik Munduraren koordinatzaileak eta Maitane Zarate Gernika Gogoratuzeko teknikari eta Semilleras internacionalistas de mujeres por la paz proiektuaren arduradunak hartu dute lekukoa. Mozambikeko Capulana oihala ipini diete euskaldunei, “emakume handi eta garrantzitsuei” ipintzen dieten modura.
Malaxetxeberriak nabarmendu modura, “izugarria” da berriro ere denak elkartzea: “Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartuko duten guztiei. Egun luzeak izango dira, baina bikainak, eta plazera da hemen denok elkartzea”.
Cunhak azpimarratu du “ilusioz” beteta heldu dela Gernika-Lumora, eta lekukoa ematea “ohore itzela” dela: “Denok ondo, pozik eta bakean bizitzeko lekua edukiko dugun munduaren alde borrokan ari gara”.
Gernika-Lumo eta Bilbo dira aurtengo kongresuaren egoitzak, eta 360 emakume inguruk izena eman dute. Emakumeak eta bakeak* gaiari helduta egingo dute, domekara bitartean, hausnarketarako, trukerako eta aldarrikapenerako hamaika hitzordu partekatuz. Hain zuzen ere, bihartik domekara, Bilbo izango dute bilgune.

Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko zuzendariaren ongi etorri hitzekin hasi dute topaketa, Astran: “Emakumeen topaketa honek garrantzia berezia hartzen du bakeak egiteko modu berriak pentsatzeko eta lantzeko, pluralean, ortografia insumisioz eta egunerokotasunetik abiatuta”.
Feminismo “dekolonial eta bakezaletik”, tokikotasunetik bakeak eraikitzeko aldarria zabaldu dute. “Tokiko ikuspegitik eta dimentsio globalarekin, bakeak feminismoetatik, lurraldeetatik eta erresistentziatik pentsatzen ditugu”, adierazi du Oiangurenek.
Euskal Herria, Kolonbia eta Mozambikeko emakumeen elkarlanaren emaitza da kongresua. “Prozesu honetan bakearen aldeko ikerketa bat egin dugu, eta ikerketa eta lantalde honi esker, honek guzti honek irten du. Konturatu gara hiru herrialdeetan bakearen kontzeptu oso antzekoak eta bizipen oso antzekoak dauzkagula, testuinguruak desberdinak izanda ere”, azaldu du Zaratek. Euskal Herria, Kolonbia eta Mozambikeko taldeei esker ona agertu, eta eurei esker prozesu horrek “luzerako” segituko duela adierazi dute.
Memoria-guneetan. Gaurko jardunaldian, udalerriko zenbait memoria-gune bisitatu dituzte: Gernika-Lumoko Bakearen Museoa, Euskal Herria Museoa, Batzarretxea eta Astra. Esate baterako, Astran bertatik bertara ezagutu dute udalerriko erakundeek egiten duten lana: “Gernika Gogoratuzek ia 40 urtetan, Gernikatik Mundurak 30 urtetan eta Astrak 20 urtetan bakearen kulturari eta memoriari lotutako proposamenetan egin dutena eta egun egiten dutena ezagutu dute”.

Batzarretxea bisitatu dute arratsaldean.Bizkaiko Batzar Nagusiak
Astran bazkaldu, eta arratsaldean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak, Ana Otadui lehendakaria buru, hartu ditu Batzarretxean. Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko zuzendariak Ohorezko Liburua sinatu du, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Emakumeen Munduak XV. Nazioarteko Kongresuaren arteko lotura “sendotzeko asmoz”. Bakearen Museoan, berriz, arpillera tailerrean bildu dira, “ehungintzaren bidez, indarkeriaren eta erresistentziaren inguruko esperientziak modu kolektiboan kontatzeko”.
Bihartik domekara bitartean, mahai-inguruak, solasaldiak, tailerrak, bisitak, dokumentalen proiekzioak, erakusketara bisitak, kultur ekitaldiak… edukiko dituzte Bilbon. Bihar, Bilboko Bizkaia aretoa-EHUn, 09:00etan inauguratuko dute kongresua. Egunotan landuko dituzten gaien artean daude, besteren artean, bakerako metodologia feministak, indarkeria matxisten aurreko ber-existentzia feministak, eguneroko zaintza eta bakeak, migrazioak, esbesteratzeak eta behartutako desplazamenduak eta berriro ez gertatzeko memoriak eta bermeak.
Feminismoen bidez mundua, kontakizuna eta sareak “eratzen jarraitzeko” hautua hartu dute, eta horretan jarraituko dute elkarri eskutik helduta.