Eskualdeko hiru talde, Bizkaiko Taldekakoan
Hamalau taldek parte hartuko dute Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketan, tartean, Busturialdeko hiruk: Bypasseu, Haritz eta Itsaso eta Nik dakit ba. Lehenengo fasean bost kanporaketa lehiatuko dituzte, horietako bat, ekainaren 12an, Gernika-Lumon.
Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzeko asmoz jaio zen Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketa 2017, eta geroztik, lau aldiz egin dute. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren “ekosistema osoa etenik barik elikatzeko” helburuagaz lanean dihardu, eta horregatik, bertsogintzaren oinarria “motibatu, finkatu eta goratu” asmoz, txapelketaren bosgarren aldia antolatu du aurten. Hamalau taldek parte hartuko dute aurten, eta Busturialdeak ordezkaritza izango du, hiru taldegaz.
Taldekakoaren bitartez bertso eskolak eta eskualdeak “indartu” nahi dituztela nabarmendu dute Bertsozale Elkartetik, eta horretarako, “gune ludikoa” eskainiko dute: “Taldekakoa giro informalean eta jai-giroan gauzatzea da helburua; batez ere, bertsolari hasi berriei plazarako bidea erraztea, eta arrazoi desberdinengatik ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez dutenei aukera bat eskaintzea”. Horrez gain, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile berrien sorrera ere bultzatu gura dute, baita eskualdeen arteko harremana sendotzea ere.
Hamalau talde “anitz”
Aurten 14 taldetan banatutako 80 parte hartzailetik gora hartuko ditu Taldekakoak. Talde asko zortzi edo hamar lagunek osatzen badituzte ere, talde bakoitzak gutxienez sei parte hartzaile beharko ditu kanporaketa bakoitzean: hiru bertsolari, gai-jartzaile bat, epaile bat eta laguntzaile bat.
Antolatzaileek parte hartzaileek “profil anitza” azpimarratu dute, bertsolari oso gazteak, beteranoak, aspaldi bertso mundutik aparte ibilitakoak, hasiberriak edota Bizkaiko txapeldunak batuko ditzuztelako, besteak beste: “Helburua aniztasun hori lortzea zen, eta lortu da; baita belaunaldian arteko harremana sustatzea ere”.
Aitor Etxebarriazarrak, Mikel Retolazak, Eneko Aldanak. Asier Galarzak, Jon Aranok eta Alain Cuberok osatutako Busturialdeko Lau Buru taldeak irabazi zuen lehiaketa 2024an, eta aurten ere garaikurra eskualdera ekartzera ahaleginduko dira izena eman duten Busturialdeko hiru talde:
- Bypasseu (Busturialdea): Asier Galarza, Eider Fernandez, Janire Arrizabalaga, Jokin Abaitua, Julen Ibarguengoitia eta Koldo Gezuraga.
- Haritz eta Itsaso (Busturialdea): Aitor Etxebarriazarraga, Ander Elortegi, Enare Muniategi, Mikel Retolaza, Onintza Enbeita eta Unai Aldana.
- Nik dakit ba (Gernika-Lumo/Busturialdea): Koldo Muñiz, Ibai Amillategi, Beñat Bilbao, Beñat Enbeita. Ander Arrien eta Garoa Oleaga.
Bost kanporaketa.
Bizkaiko Taldekakoa fi fasetan banatuta lehiatuko dute: kanporaketa fasea eta finalaren eguna. Lehen fasean bost kanporaketa egingo dituzte — hiru taldeko hiru saio eta bi taldeko saio bat—. eta irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara. Kanporaketen egiturari dagokionez, saio bakoitzean hiru azpi saio egingo dituzte: lehenengo saioan bi talde igoko dira oholtzara; gero, galtzaileak hirugarren taldeagaz lehiatuko du bigarren saioa. Hirugarren eta azken kantaldia lehen bi saioetako irabazleek osatuko dute.
Kanporaketetako datak taldeen artean zehaztu dituzte, eta denak ekainaren 5etik [barikua] 12ra [barikua] bitartean egitea adostu dute. Hala, ekainaren 5ean emango diote hasiera Taldekakoari, Algortan (Azebarri elkartean) eta Arrigorriagan (Baserri taberna). Bypaseeu taldeak Algortan egingo du debuta, eta Haritz eta Itsasok, ostera, Arrigorriagan. Nik dakit ba taldeak etxean, Gernika-Lumon (Harizpe txokoa) jokatuko du kanporaketa, ekainaren 12an.
Finalaurrekoek eta finala egun berean lehiatuko dira: irailaren 12an [zapatua], Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egunagaz bat egin da. Finalekoa “egun guztiko plana” izango dela aurreratu dute antolatzaileek; izan ere, bost kanporaketetako irabazleek finalaurrekoak jokatuko dituzte goizean, bi saiotan banatuta: saio batean hiru talde egongo dira eta bestean, bi. Ostean bazkaria egingo dute eta arratsaldean, bi finalaurrekoetako irabazeak final handian batuko dira.
Egin beharrekoak.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak kanporaketa bakoitzean parte hartzen duten taldeen esku utzi du saio bakoitzeko ariketak adosteko aukera, baina halere, ariketen proposamen bat helarazi die taldeei: “Talde biak ados ipintzen badira, beste ariketa batzuk egiteko aukera daukate”, azaldu dute. Ariketak bezala, gaiak aukeratzea taldeetako gai-jartzaileen esku geratuko da, eta aurkezle lanak saio horretan oholtzan ez dagoen taldearen gai-jartzaileak egin beharko ditu.
Bertsotan arituko diren taldekidez gain, talde bakoitzak epaile bana izango du kanporaketa bakoitzean eta erabazlea erabakitzeko unean, hiru saioak hartu beharko dituzte kontuan. Gainera, “publikoaren iritzia ere kontuan hartuko” dutela iragarri dute.
EGUTEGIA:
- Ekainak 5, 18:00etan, Arrigorriagan (Baserri Taberna): Botxolariak, Estropozu eta Haritz eta Itsaso.
- Ekainak 5, 19:00etan, Algortan (Azebarri Elkartea): Bypasseu, Maritxu nondik dator eta TAKET.
- Ekainak 6, 19:00etan, Urdulizen: Pirata eskola, Itallen eta Lirio loreak.
- Ekainak 12, Leioan: Far Westeko Bertsolariak eta Leioatik Leioara.
- Ekainak 12, 19:00etan, Gernika-Lumon (Harizpe Txokoa): Nik dakit ba, KARIDADEKO MASOKISTAK eta DuranGALDUEK.