Eako Udalak auzo batzarrak deitu ditu
Eako Udalak deituta, auzo batzarrak egingo dituzte datozen bi asteburuetan. Horietan, herritarren ekarpenak jasoko dituzte, eta udalak martxan dituen proiektuen berri emango dute udal ordezkariek.
Domeka honetan [maiatzak 24] 12:00etan elkartuko dira Natxituko bolatokian, eta argitu dutenez, bolatoki aurrerako eta plazarako proiektuaren inguruko bilera monografikoa izango da.
Bestalde, datorren astean egingo dituzte Eako eta Bedaronako auzo batzarrak. Maiatzaren 30ean, zapatuan, 12:00etan elkartuko dira eatarrekin, Eskolondon. Biharamunean, berriz, bedarutarren txanda izango da; 12:30ean hasiko dute batzarra Bedaronako txokoan.
Galdetegia. Bestalde, udalaren etorkizuneko kultur politika definitzeko, herritarren iritzia ezagutu nahi dute, eta horretarako galdetegi bat zabaldu dute (anonimoa da eta erroldatu gabe daudenek ere bete dezakete): “Etorkizuneko kultur eskaintza eta inbertsioetan herritarren iritzia kontuan hartzeko prestatu dugu galdetegia”. Internet bidez bete daiteke galdetegia.