Lankidetzarako ingeniaritzaren eta elkarlanaren balioa
Gernika-Lumoko Udalak 30 urte bete dituen ICLI GKEri harrera egin dio gaur [maiatzak 19], udaletxean. Pedro Mugarra ICLIko ordezkariak udalak azken hamar urteetan egindako ekarpena eskertu du.
ICLI Lankidetzarako Ingeniaritza garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) mugarri berezia ospatu zuen iaz: 30 urtez, ingeniaritza ezagutzak baliatuta, hego-lurraldearen garapena sustatzen aritu dira. Denbora horretan 27 herrialdetan eragin dute, 35 milioi euroko aurrekotuagaz 308 proiektu martxan ipinita. Ekimenak eraman ahal izateko funtsezkoa dute erakunde eta banakoen laguntza, eta gaur [maiatzak 19], finantzaketa iturri “garrantzitsuenetako” bati eskerrak eman nahi izan dizkiote: Pedro Mugarra ICLIko ordezkariak oroigarria eman dio Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateari, udalaren ekarpena eskertzeko.
Ingenierien Elkargoaren babespean jarduten du ICLIk, hegoaldeko herrialdeen garapenean eragiteko helburu argiagaz. Hamaika herrialdetako garapen proiektuak kudeatzen dituzte, “tokiko biztanleen parte hartzeagaz“: “Hirugarren Munduko herrialdeetako erakundeek proiektuak proposatzen dizkigute, aztertu egiten ditugu eta finantzazioa nori eskatu ahal diogun pentsatzen dugu”. Mugarrak proiektuak hegoaldeko herrialdeetan sortzearen garrantzia nabarmendu du.
30 urteetako 35 milioiko euroko aurrekontua sail ezberdinetara bideratu dutela zehaztu dute, zati “garrantzitsuenak” hezkuntza, osasuna eta azpiegiturak izanik: “%28 hezkuntza proiektuetara bideratu da, %13 osasun arlokoetara eta %15, azpiegituretara”.
Sei proiektu.
Mugarrak jakinarazi duenez, Gernika-Lumoko Udalak 2016tik finantzatutako sei proiektuak hezkuntzari eta osasunari lotutakoak izan dira. Lau proiektutan Goikouria Fundazioa —40 bat urtez Kongon lanean diharduen Goikouria abade bilbotarraren fundazioa—, izan dute kontrako alderdia, Likasin (Kongo) prestakuntza medikorako zentroa laguntzeko helburuagaz: “Lau proiektu horietarako aurrekontua 26.000 eurokoa zen, eta Gernika-Lumoko Udalak 22.000 eurogaz lagundu du; hau da proeiktuaren %82an finantzatu ditu proiektuak”. Proiektuekin osasun zentroa beharrezko ekipamendu mediko zein informatikoagaz hornitzeaz gain, “beharrezko altzari eta materialak” ere erosi ahal izan dira.

Nkangako (Kongo) bizilagunen larrialdi txikiak edota gaixotasun arruntak artatzeko osasun zentro baten eraikitzen ere lagundu du udalak: “Aurrekontua 10.000 eurokoa zen, eta udalak 3.900 eurogaz babestu zuen”. Exclavas del Sagrado Corazon de Jesus kongregazio erlijiosoak Indiako Maharashtra probintzian bultzatutako proiektu bat ere babestu zuten, gazteriaren hezkuntza eta Rohako tribuetako emakumeen ahalduntzea sustatzeko. Gernika-Lumoko Udalak 3.000 euroko ekarpena egin zuen.
Mugarrak “eskerrik beroenak” adierazi dizkio udalari eta orain arte egindako ekarpenak eskertzeko diploma eman dio Gorroñori: “Eskerrik asko, oso lagungarria izan da zuen ekarpena”. Gernikako alkateak “ohorez handiz” jaso du oroigarria, ICLI beharrizan egoeran dauden lurraldeei laguntzeko sortu zelako: “Oso pozik nago alkate legez Gernikako herriari egiten zaion aitortza jaso dudalako, eta gainera, ICLI babesten duen Ingenieritza Elkargoko kide ere banaizelako”.
Gorroñok erakundeak hegoaldeko herrialdeetan egiten duen formakuntza lana nabarmendu du, batez ere nekazaritza eta osasun arloari lotuta: “Hemendik sarri ez gara konturatzen, baina sarri leku askotan ura ez da kontsumitzeko aproposa, baina hala ere umeek edan egin behar izaten dute, gaixotasunak garatuz. Ahal den neurrian laguntzea oso garrantzitsua da, baina garrantzitsua da ere haiek heztea, ahal den neurrian modu osasuntsuan elkar zaindu dezaten”.
Pertsona orok duen gauzarik “garrantzitsuena bizitza” dela iritzita, laguntza eta elkartasun keinu txikienak ere pisu handia duela azpimarratu du alkateak.