Bizkaiko dantzarien plaza nagusia izan da Lamera
Jendetza elkartu zen Bermeon.Txebi Arriaga Bizkaiko Dantzari Eguna ospatu zuten atzo [maiatzak 17] Bermeon. Dantza ondo errotuta dagoela erakutsi zuten, eta belaunaldi arteko transmisioaren erakusle bihurtu zuten Lamera.
Kalejiraren ostean, ohiturari eutsiz, Dantzari Dantzagaz hasi zuten emanaldia 11:30ean, eta Larrain Dantzagaz borobildu zuten, 14:00ak aldera. Euskal Herriaren luze zabalean sortutako eta hedatutako hamaika dantza ezagun plazaratu zituzten, Lamera bete zuen publikoaren gozamenerako.
72ko taldetako 3.000 dantzari baino gehiago elkartu zituen dantzari egunak. Giro ederra eduki zuten goizetik iluntzera arte; izan ere, arratsaldean Luhartz Taldearen erromeriarekin dantzan jarraitu zuten Lameran.
Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldea izan zen anfitrio, eta bere 50. urteurren ospakizunak biribiltzeko eguna izan zen. Taldekideek boluntarioekiko esker ona agertu dute, eta “lana erraztu” zieten denei eskerrak eman dizkiete. Bermeoko Udaletik ere antolaketa lanetan egindako beharra azpimarratu, eta udalerrian bildutako denei eskerrak eman dizkiete: “Bizkaiko Dantzarien Biltzarrari, Alkartasuna Dantza Taldeari, parte-hartzaile guztiei, boluntarioei eta Bermeora hurbildu ziren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Lamera dantzaz, musikaz eta tradizioz bete zuten, egun ahaztezina sortuz”.
Txebi Arriagaren argazkiak: