240 haur inguru, duatloiaren aldeko trantsizioan
Urdaitrik Duatloi Txikia berreskuratu zuen zapatuan [maiatzak 16], erantzun apartarekin: 240 parte hartzaile inguru hartu zituzten.
Bere mende laurdeneko ibilbidea betetzen duen urtean, Urdaibai Triatloi Taldeak Duatloi Txikia berreskuratu du. Iragan zapatuan [maiatzak 16], Bekoibarra gaurko eta batez ere biharko triatleten topagune bihurtu zen. Zuzendaritza talde berrituak urrats “esanguratsutzat” zuen gaztetxoenei “triatloiaren kultura hurreratzeko” zerbait prestatzea, eta 2019. urtetik egiten ez zen Duatloi Txikiari berriro heltzea pentsatu zuten.
Hala, lau kategoriatan banaturiko 240 atleta gazte inguru elkartu ziren; gehienak gernika-lumotarrak edota eskualdekoak izan ziren, baina Bizkaiko beste triatloi talde nahiz eskola batzuetako ordezkari gazteak ere ez ziren falta izan, kasurako, Durangoko Mugarra Triatloi Eskolakoak, Galdakaoko Mozoilo Triatloi Klubekoak eta Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldeko nhiz Garraitz Kirol Taldekoak.
Prebenjaminek —2018tik aurrera jaiotakoek— 350 metro egin zituzten oinez, 600 metro bizikletan eta beste 200 metro oinez; benjaminek —2016 eta 2017 urteetan jaiotakoek—, 350 metro oinez, kilometro bat bizikletan eta beste 350 metro oinez; kimu mailakoek —2014 eta 2015 urteetan jaiotakoek—, kilometro bat korrika, hiru kilometro bizikletan eta 750 metro korrika; azkenik, haur mailakoek —2012 eta 2013 urteetan jaiotakoek—, kilometro eta erdiko korrika saioa, lau kilometro bizikletan eta beste kilometro bateko korrika tartea.

Maila horietatik denetatik prebenjaminena izan zen parte hartzaile kopururik handiena eduki zuena: 120ren bueltan. Benjamin mailakoak 50 inguru izan dira; kimuak, beste horrenbeste. Haur mailan igarri dute beherakadarik adierazgarriena: “Adin tarte horretan triatloia hobeto bultzatzeko lan egin behar dugula igarri dugu, betiere autokritikatik abiatuta; kirol hegemoniko edo handiagoen alboan, oraindik lan handia egin behar da”.
Lehia bigarren planora pasatu zuten, aisirako eskaintza osasungarria ematea, haurren topagune izatea eta, batez ere, triatloi kulturarekiko atxikidura piztea izan baitzituen helburu Duatloi Txikiak. Beraz, ez zen ez irabazlerik, ez galtzailerik egon: denak ala denak izan ziren garaile, eta guztiek jaso zuten beren saria. Emakumezkoen parte hartze nabarmena ere azpimarratu dute antolatzaileek: “%30 ingurukoa izan da; oraindik pila bat dago hobetzeko, baina abiapuntu oso txukuna da”.
Hurrengo urtean “errepikatzeko prest” ageri dira Urdaitriko kideak. Etorkizun ertain edo urruneko jomuga nagusia Gernika-Lumon berriro goi mailako duatloi proba bat antolatzea den arren, gaur-gaurkoz, formakuntza mailetako umeekin lan egitea “ezinbestekoa” dela diote. Alde horretatik, fokua galdu barik, “aurtengoa errepikatzeko eta hobetzeko helburua” ezarri diote beren buruari: “Jasotako kritiketatik eta egindako akatsetatik ikasita, datorren urtean Duatloi Txiki are hobea antolatu gura dugu; hortik aurrera, denborak aginduko du”.