Zientzia eta teknologia ikusi eta probatu dute Busturialdeko 363 ikaslek
Lea Artibaiko eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak Leartibai Fundazioarekin elkarlanean antolatuta, Zientzia eta Teknologia Egunean elkartu dira gaur (maiatzak 15), Astran. DBH 4. mailako 363 ikasle batu dituzte bertan.
Ikusi, ukitu eta probatu. Hori da zientzia eta teknologia ulertzeko erarik onena, eta metodo hori praktikan jarri du Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), Leartibai Fundazioarekin elkarlanean, gaur (maiatzak 15) Astran. Seigarren urtez, Zientzia eta Teknologia Eguna antolatu dute Busturialdean, eta lortu dute bilatzen dutena: gazteek inguruko enpresen lana eta teknologia ezagutzea.
Ikasteko beste modu bat jarri dute praktikan: inguruko enpresek ematen dituzten aukerak eta erabiltzen dituzten teknologiak ezagutzekoa, ulertzekoa eta probatzekoa. Hala, ikastetxeko lau pareten artean Busturialdeko DBH 4. mailako 363 ikasleek ikasitakoa praktikan jarri dute Astrako 13 tailer ezberdinetan. Horietan, robotika, materialak, adimen artifiziala, errealitate areagotua, elektronika, matematikak, ingenieritza eta elektrizitatea bezalako gaiak landu dituzte, EHUko eta Kooperatiben Mahaia Elkarteko ikertzaile eta arlo ezberdinetako adituen laguntzagaz. Zientzia zein teknologia ikasgaiei “beldurra kentzeko” ekimena ere izan da, ikasgeletan ikasitakoak balio duela ikusteko aukera.
Eskualdeko enpresen lana balioan jartzea da ekimenaren asmoa, eta, horretarako, Lea-Artibai eta Busturialdeko enpresei buruzko ezagutza zabaldu dute, industria zelakoa den erakutsiz eta etorkizunean bertoko enpresek beharko dituzten langileen profilak ezagutaraziz. “Izan ere, ikasleei galdetu izan diegu ea eskualde inguruan zer motatako enpresak dauden jakin badakiten, eta ez dute jakiten ze teknologia mota maneiatzen duten. Beraz, uste dugu aukera ona dela bertatik bertara horiek ezagutzeko eta hurbiltasun batean euren lanaren berri izateko. Gainera, ikasleek galdera zehatzagoak egin ahal dizkiete langileei, beraien ikasketei buruz”, adierazi dute Yanoba Mariezkurrena eta Bidatz Basterretxea Lea Artibai Fundazioko teknikariek.
Bere aldetik, Maier kooperatibako kide Leire Sanchezek gaurko eguna “egun oso polita” dela ondorioztatu du, aukera dutelako gazteengandik hurbil egoteko eta egiten dutena erakusteko. “Gure ezagutza bertoko gazteekin partekatu nahi dugu: ze teknologia darabilgun, zelan egiten dugun lan…”. Maierrekoek hainbatetan parte hartu dute Zientzia eta Teknologia Egunean, eta urte horietan hartu duten esperientziari kasu eginda, bideo gehiago eroan dituzte Astrara: “Saiatzen gara urtero zerbait desberdina egiten, gazteei zer gustatzen zaien ikusita. Eta aurten lau bideo landu ditugu, zeintzuetan egiten dugun injekzio prozesua azaltzen duten, baita nola transformatzen dugun materiala ere. Eta nabaritu dugu atentzio gehiago eskaini diotela”. Bideoez gain, aurten ere pieza asko ekarri dituzte, “gero eta gehiago”, berriak eta teknologia berriekin egindakoa: “Erakutsi gura diegu aplikagarria dela ikasten ari direna, eta hori oso pozgarria da”.
Talentatu programa
Talentua sortzea, mantentzea eta erakartzea da, beraz, proiektuaren asmoa. Hori da Talentatu programaren bidez Kooperatiben Mahaia Elkartea bultzatzen ari dena, eta gaurko ekitaldia proiektu horren parte izan da. Izan ere, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Leartibai Fundazioagaz elkarlanean, 2018-2019 ikasturtean jarri zuen martxan proiektua, ZTIM ikasgaiak (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertako enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emateko asmoz.
“Proiektu honekin eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz”, azaldu dute, eta, uste dute, bertoko enpresek behar duten talentua eskualdean sortuz gero, “tokikoaren alde” egiten ari direla: “Ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean eskualdean bertan gelditzea eta kooperatibek behar dituzten perfileko langileak bertakoak izatea lortu nahi da. Talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzea bilatu dugu”.