Sanisidroak, ohituraren gordeleku
San Isidro jaien atarian daude, ohituraren koordenatuetan, Forua, Murueta, Kortezubi, Mendata, Gautegiz Arteaga, Bedarona, Ibarrangelu, Natxitua, Nabarniz eta Muxikako herritarrak.
Ohiturazko jarduerak izango dira nagusi ate joka dauden San Isidro jaietako ospakizun egitarauetan. Eskualdearen luze-zabalean, han eta hemen ospatuko dituzte jaiok, eta herritarren edota auzotarren arteko biltzea izango dute ardatz guztietan; baserritar mundua eta baserritarrak eurak omenduko dituzte, jai aldartean batuta. San Isidro egunez [maiatzak 15], meza eta mezaosteko pintxo janaldi herrikoia izango da gehien errepikatuko den ekuazioa. Herritarren artean ederto funtzionatu ohi duen formula hori jarraituko dute, besteak beste, Muxikako Usparitxa auzoan, Gautegiz Arteagan, Mendatan, Ibarrangelun, Foruan, Nabarnizen eta Kortezubin.
Muruetarrek, baina, santuaren irudia kaleratu egingo dute San Isidro kofradiako kideek. Ostean, herritarrentzako bolo jokoa eta bingoa antolatu dituzte. Ez hori bakarrik: Lamboko Erezumaren eta Zumaiako Xanartaren arteko zaldi proba egongo da; baliatuko dituzten harria zein gaineko karga, Kortezubikoak izango direla aurreratu dute. Jarraian, eskolak mus txapelketa hartuko du, eta iluntzea Gernika Jai Alai zesta-punta eskolako kimu eta benjaminen partiduekin biribilduko dute, ohiturazko txokolate janaldiagaz batera.
Ibarrangelutarren kasuan, argazkien bitartez iraganera jauzia egingo dute. Izan ere, udalerria osatzen duten auzoetan tokiko baserritarren eta landa bizitzaren argazki zaharrak bilatzen ibili dira, eta topatutakoak udaletxearen aurrealdean erakutsiko dituzte mezaosteko pintxo janaldian. Nabarniztarrek, ostera, musikaz lagunduko dute jan-edana. Musika, hain zuzen, Natxituan ere ez da faltako: trikiti doinuek girotuko dute Ermintxon egingo duten bazkari herrikoia.
Handik urrunera ihes egin barik, bedaronarrek astebete beranduago helduko diote beren ospakizunari: San Isidro errepetizinoie. Hilaren 23an, auzo bazkaritarako deialdia dute. Interesdunak oraindik izena emateko sasoiz daude, hilaren 17a izango baita horretarako epemuga; 25 euro ordaindu beharko dira, herriko tabernan. Arratsaldean, jesarrita zein zutik ospatuko dituzte jaiak: herriko tabernako briska txapelketagaz, lehendabizi; frontoiak hartuko duen harri jasotzaileen desafioagaz, gero. Olaberri II.aren eta Ugalderen arteko desafioa izango da; harri kubikoa zein zilindrikoa izango dira altxatu beharrekoak. Bestalde, Zubialde okindegiak opari egindako txapelak janzteko deialdia luzatu dute.
SANISIDROETAKO EGITARAUAK
BEDARONA
Maiatzak 23.
14:30. Auzo bazkaria, herriko tabernan. Izena emateko epemuga: maiatzak 17.
18:00. Briska txapelketa, herriko tabernan. Izen ematea, ordu erdi lehenago.
20:30. Harri jasotzaileen desafioa, frontoian.
FORUA
Bihar.
12:30. Meza eta pintxo janaldia.
GAUTEGIZ ARTEAGA
Bihar.
11:00. Meza eta hamaiketakoa.
IBARRANGELU
Bihar.
12:00. Meza, pintxo janaldia eta argazki zaharren erakusketa.
KORTEZUBI
Bihar.
11:00. Meza eta osteko pintxo janaldia, Elexaldeko txokoan.
MENDATA
Bihar.
13:00. Meza eta osteko pintxo janaldia, Elexalden.
MURUETA
Bihar.
11:00. Meza eta prozesioa.
Ostean. San Isidro kofradiakoen hamaiketakoa.
Gero. Bolo jolasak eta bingoa.
18:00. Zaldi probak.
18:30-19:00. Mus txapelketarako izen ematea.
19:15. Mus txapelketa, eskolan.
19:30. Gernika Jai Alaiko umeen partiduak.
Jaiak amaitzeko. Txokolate janaldia.
MUXIKA
Bihar.
12:00. Meza eta pintxo janaldia, Usparitxa auzoan.
NABARNIZ
Bihar.
12:00. Meza eta musikaz girotutako pintxo janaldia.
NATXITUA
Bihar.
14:00. Bazkari herrikoia trikitilariekin, Ermintxon.