Lurgorrik bigarren eskuko azoka solidarioa egingo du Gernika-Lumon ikerketaren alde
Domekan [maiatzak 17] egingo den ekimenak leiomiosarkomaren ikerketarako “Enarak behar zaitu” bekara bideratuko du bildutako dirua.
Lurgorri Auzo-Kultur Elkarteak antolatuta, Lurgorriko 2. eskuko azoka solidarioa egingo dute domekan [maiatzak 17], Gernika-Lumoko Lurgorri plazan. Ekimen solidarioak herritarren parte hartzea eta elkartasuna uztartuko ditu beste urte batez.
Aurten azokan batzen den dirua “Enarak behar zaitu” bekara bideratuko dute, leiomiosarkoma gaixotasunaren ikerketarako laguntza emateko helburuagaz. Antolatzaileek azaldu dutenez, elkartasun keinu txikiek ere ikerketan aurrera egiteko baliabide garrantzitsuak eskaintzen dituzte.
Egun osoan zehar hainbat jarduera ere izango dira giroa alaitzeko. 11:30ean yoga tailerra egingo dute Yoga Onkologikoaren Sareagaz batera; 12:15ean, berriz, Txitatoki Urdaibaiko Zirko Eskolak zirko tailerra eskainiko du. Eguna 14:30ean egingo den zozketagaz amaituko da.
Informazio gehiago jasotzeko, antolatzaileek Nagoreren telefono zenbakia ere zabaldu dute: 619 45 03 58.