Jon Plazaolak 'AA Aita' bakarrizketa aurkeztuko du Gernika-Lumon
Aktore eta umoregileak aitatasuna eta eguneroko ergelkeriak izango ditu hizpide zapatuan [maiatzak 16] Lizeo Antzokian.
Jon Plazaolak “AA Aita” bakarrizketa eskainiko du zapatuan [maiatzak 16] 19:00etan, Lizeo Antzokian. Komedia ikuskizunean aitatasuna izango du ardatz, umorea eta eguneroko egoera absurdoak uztartuz.
Aktoreak azaldu duenez, lehen semea jaio eta hiru egunera estreinatu zuen “Tu-Tum; Platz!” ikuskizuna, aitatasun bajari muzin eginda. Bi urteko bira arrakastatsuaren ostean, esperientzia pertsonal hori umore bihurtu eta publikoarekin partekatzeko sortu du “AA Aita”.
Bakarrizketan, aitatasunak azken urteetan eman dizkion bizipenak kontatuko ditu Plazaolak. Esperientzia onak ez ezik, eguneroko nekeak, patetismoak eta ergelkeriak ere izango ditu hizpide. Hori guztia publikoari barre egiteko gonbidapena eginez.
Ikuskizunaren helburua argia dela azpimarratu du umoregileak: komedia egitea eta ikusleek barre egitea. Horretarako, bere buruaz eta inguruko egoerez egingo du ironia, aitatasuna aitzakia bihurtuta.
Sarreren prezioa 12 eurokoa izango da, eta “Laguna” txartela dutenek 9 eurotan erosi ahal izango dituzte. Ekitaldia Kultur Etxeak antolatu du.