Itzulia Women lasterketak bide mozketak eragingo ditu
Emakumezkoen Euskal Herriko txirrindulari lasterketarik entzutetsuena Busturialdetik pasatuko da, etzi [maiatzak 16].
Bihartik [maiatzak 15] domekara [maiatzak 17] bitartean lehiatuko dute V. Itzulia Women, emakumezkoen Euskal Herriko lasterketa nagusia, eta beste behin bai Mutrikutik, bai Lea-Artibaitik igaroko da. Antolakuntzak mendatez eta koskaz jositako hiru etapa antolatu ditu aurtengo ekitaldirako, Zarautz eta Donostia lotuko dituena. Lehen etapa Zarautzen hasi eta amaituko da; hirugarrena, aldiz, Donostian. Guztira, 372,4 kilometro egingo ditu tropelak, eta hamalau mendate puntuagarri igoko.
Zapatuan [maiatzak 16], Abadiñotik Zornotzarako bigarren etapan, tropelak Lea-Artibai nahiz Busturialdea zeharkatuko ditu. Txirrindulariek Trabakua igoko dute lehenik eta, Markina-Xemeindik igarota, Milloira joko dute; handik, Lekeitiora. Ispaster eta Ea atzen lagata, Natxitua igoko dute ondoren, eta Gautegiz Arteagatik Gernika-Lumora joko dute, Bermeorako bidea hartu orduko. San Pelaio mendatea igo ostean, Bakiotik Meñakara joko dute, eta ostean Aretxabalgane igoko dute, Larrabetzuko aldetik; azken zatiak Zugastietatik igoko duten Autzaganeko mendatea hartuko du, Zornotzarainoko azken jaitsiera orduko.
09:10etik aurrera itxiko dute Abadiño eta Ondarroa Trabakuan barrena lotzen duen BI-633 errepidea; Lekeition 09:50ean itxiko dute BI-2238 errepidea. Gernika-Lumon, BI-3215 errepidean ezin izango da ibili 10:50etik aurrera. Bermeon, 11:20an mugatuko dute ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorria, BI-3101 errepidean. Udaletik aurreratu dutenaren arabera, Txibitxiaga, Santamañe, Prantzisko Deuna, Zubiaur tar Kepa, Aritzatxubidea eta Matxitxako bidea kaleei eragingo diete mugek. Azkenik, 11:50ean zarratuko dute trafikoa Aretxabalgane mendatearen gailurrean, BI-2121 errepidean; Muxikan, BI-635 errepidean, ostera, 12:3oean.
Trafiko mugatze guztiak ordubete ingurukoak izango direla iragarri dute Eusko Jaurlaritzatik, eta Ertzaintzaren bandera berdedun ibilgailuak pasatu ostean berrezarriko dute joan-etorria. Gainera, herritarrei dei egin diete, garraio publikoa erabil dezaten, eta, gidatu behar izanez gero, ordezko ibilbideak erabil ditzaten, denboraz ibil daitezen eta agenteen jarraibideak bete ditzaten.