Duatloi txikia berreskuratu dute Urdaitrikoek, eta gazteek hartuko dituzte kaleak
Urdaitri Triatloi Taldeak zapaturako (maiatzak 16) hitzordua prestatu du: duatloi txikia. Eta, bertan parte hartuko dute 230 gazte kirolarik. Aurreikuspenak bete dituzte Urdaitrikoek.
Kirola eta harrobia bultzatzeko helburuagaz Duatloi Txikia prestatu du Urdaitri Triatloi Taldeak zapaturako (maiatzak 16). Ekimena taldearen 25. urteurrenaren baitan berreskuratu dute, zuzendaritza berritu batekin, eta, indarberritze horren ondorioz, azken urteetan geldirik egon den jarduera berriro martxan jarriko dute.
Azaldu dutenez, lehen ere egiten zen duatloi txikia, eta hori berreskuratzeko proposamena udalerriko zein eskualdeko eskoletan aurkeztu zutenean, “harrera oso ona” izan zuela diote. Hala, Gernika-Lumoko zein Busturialdeko ikastetxe guztietako ikasleak gonbidatu dituzte parte hartzera, baita Bizkaiko triatloi eskolak ere; esaterako, Durangoko Mugarra Triatloi Taldea, Galdakaoko Mozoilo Triatloi Kluba eta Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldea eta Garraitz Kirol Taldea taldeei ere gonbidapena bidali zieten.
Hala, denetara 230 parte hartzailek izena eman dute. Antolatzaileen esanetan, espero zuten halako erantzuna jasotzea, hasieratik ideia “oso ondo” hartu baitzuten eskolek eta familiek. “Gurasoen bidez ere askotan entzun dugu halako ekimen gehiago egiteko beharra zegoela, beraz, espero genuen jendea apuntatzea”, ondorioztatu dute, eta aurreikuspenak bete dituztela nabarmendu dute.
Proba Bekoibarran egingo da, eta parte hartzaileak multzoka antolatuko dituzte, adinaren arabera eta neska-mutilak nahastuta. 20 eta 30 lagun arteko taldeetan aterako dira, batez ere trantsizioetan pilaketarik ez sortzeko. Antolatzaileek nabarmendu dute ez dela irabazlerik ez galtzailerik egongo: parte hartzaile guztiek sari eta aitortza bera jasoko dute. “Ez da podiumik izango, ezta dortsalik ere, asmoa ez baita lehia, baizik eta kirola ezagutaraztea eta gaztetxoei praktikatzeko aukera eskaintzea”, adierazi dute.
Helburua harrobia sortzea da, baita duatloia praktikatzeko aukera eskaintzea ere. Ze, azaldu dutenez, leku batzuetan triatloiaren eta duatloiaren kultura handiagoa dago txikitatik lasterketak ikusi eta bizi izan dituztelako. “Lekeition, adibidez, umeek txikitatik ikusten dituzte halako probak, eta horrek eragina dauka. Gure taldeko bermeotar batek esaten zuen han kultura gutxiago egon dela Gernikan baino. Gernikan ere urte luzez egin izan dira duatloiak, eta horrek kirolarekiko interesa pizten lagundu du”, azaldu dute. Urdaitrikoen nahia da Busturialdean ere umeek ikustea eta sentitzea horrelako kirolak eurek ere praktikatu ditzaketela.
Proba 16:30ean hasiko da Bekoibarran, Ipar Tabernaren aurrean. Parte hartzaileek lau kategoriatan banatuta hartuko dute parte, adinaren arabera egokitutako distantziekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, distantzia laburrak aukeratu dituzte, logistika aldetik erosoagoak direlako. Trantsizio gunea eta anoa postua Ipar Tabernaren aurrean egongo dira, eta ibilbidea barianterantz egingo dute, saihesbidearekin paraleloki doan beheko bidea aprobetxatuz.
Hala, prebenjaminek —2018tik aurrera jaiotakoek— 350 metro egingo dituzte oinez, 600 metro bizikletan eta beste 200 metro oinez. Benjamin mailakoek —2016 eta 2017 urteetan jaiotakoek— 350 metro oinez, kilometro bat bizikletan eta beste 350 metro oinez egin beharko dituzte. Kimu mailakoek —2014 eta 2015 urteetan jaiotakoek— kilometro bat korrika, hiru kilometro bizikletan eta 750 metro korrika osatu beharko dituzte. Azkenik, haur mailakoek —2012 eta 2013 urteetan jaiotakoek— kilometro eta erdiko korrika saioa, lau kilometro bizikletan eta beste kilometro bateko korrika tartea egin beharko dituzte.
Antolatzaileek “positibotzat” jo dute lehen erantzuna. Nabarmendu dute “beharrizan bat” bazegoela ikusi dutela, eta lehen egiten zen ekimena berriz martxan jartzea pauso garrantzitsua izan dela. “Garai batean duatloi handia ere egiten zen, baina oraingoz txikiarekin hastea erabaki dugu”, azaldu dute. Lehenengo edizio honetan neurria hartu nahi diote ekimenari, eta aurrerantzean jarraipena izango duen ala ez baloratuko dute.
Familia topaketa.
Urdaitrikoek, baina, urte berezia dute aurtengoa. 25 urte betetzen dituzte, eta Duatloi Txikia antolatzeaz harago, mende laurdena ospatzeko ekitaldi soziala antolatu dute ekainaren 14rako, Muruetan. Eguraldia lagun izanez gero, Muruetako Teilerian batuko dira talde argazki ofiziala ateratzeko, eta ondoren jan-edana izango dituzte bertan.
Ospakizun ekitaldi horretara 1991tik gaur egunera arte Urdaitri Triatloi Taldeko kide izan diren kirolari guztiak daude gonbidatuta, baita babesleak ere, elkarrekin taldearen 25. urteurrena ospatzeko.