Euskal dantzen epizentro bihurtuko da Bermeo
Bizkaiko Dantzari Eguna ospatuko dute domekan [maiatzak 17], Bermeon. 72 dantza talde eta 3.000 dantzaritik gora elkartuko dira Lameran.
Bizkaiko Dantzari Eguna aurkeztu dute gaur Bermeoko Udaletxean Euskal kulturaren eta dantzaren epizentro bihurtuko da Bermeo domekan [maiatzak 17]. Busturialdeko kostaldeko udalerriak hirugarrez hartuko du Bizkaiko Dantzari Eguna, aurtengoa efemeride berezi bati erantzunez: herriko Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena. Hala, domekan goizeko lehen ordutik kolorez, musikaz eta tradizioz beteko dute Lamera adin guztietako dantzari eta dantzazaleek.
Bermeoko udaletxean aurkeztu dute gaur [maiatzak 13] Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatutako euskal dantzen jaiaren 45. aldia, eta bertan izan dira, besteak beste, Jose Maria Oyarzabal dantzarien biltzarreko presidentea, Nadia Nemeh Bermeoko alkatea, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Koldo Bilbao BBK-ko ordezkaria eta Alkartasuna Dantza Taldeko Gaizka San Pedro.
Bizkaiko Dantzari Eguna Bizkaiko dantzarien urteko hitzordu nagusi gisa errotu da, eta horren isla da, 72 dantza talde eta “3.000 dantzaritik gora” elkartuko direla aurten ere, urte guztian zehar egindako lana jendaurrean eskaintzeko. Bizkaiko txoko guztietatik iritsiko dira dantzariak Bermeora, tartean Busturialdeko zein Lea-Artibaiko herrietatik, eta 100 autobusetik gora espero dituzte. Lamera izango dute aurten dantzariek agertoki: “1994an eta 2009an ere Bermeok hartu zuen Bizkaiko Dantzari Eguna, baina kanpan eta futbol zelaian egin ziren dantzaldiak. Aurten udalak Lameran egin nahi izan du, eta guk ere uste dugu hobe dela; guretzat ere polita izango da dantza herrian bertan egitea eta ez kanpoaldean”, adierazi du Oyarzabalek.
Ilusioa, motor.
Hango eta hemengo dantza taldeak Bermeora bertaratu eta euskal dantzen erakusleiho bihurtu den jaian parte hartzeko “ilusioz” daudela nabarmendu du presidenteak: “Ilusio hori da aurrera egitera, datorren urtean ere dantzari eguna antolatzera bultzatzen gaituena”. Alkartasuna Dantza Taldearentzat ere hitz politak izan ditu Oyarzabalek: “50 urte azkar esaten badira ere, bete egin behar dira. Bidean harriak egoten dira, batzuetan handiak, baina igaro egin behar dira. Zorionak Alkartasunari, segitu dantzan gutxienez beste 50 urte”.

Topaketak Bizkaiko dantza taldeen eta euskal folklorearen aberastasuna gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen duela sinetsita, aurtengo ekitaldia antolatzeko Bermeoko Udalak, BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskainitako laguntza eskertu ditu Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidenteak. Arrizabalaga diputatuak, hain zuzen, Bizkaiko Dantzari Eguna euskal kultura eta folklorea maite dutenentzat “ez dela egun arrunta” azpimarratu du: “Egutegian gorriz markatuta dagoen eguna da, euskal dantza barruan daramagunok modu brezian bizi dugulako”.
Bermeok dantzarekin eta kulturagaz duen lotura ezaguna da, eta horren adierazletzat jarri ditu diputatuak udala eta Alkartasuna Dantza Taldea. Berarentzat pertsonalki “egun berezia” izaten dela aitortu zuen, eta agintari legez “beste modu batera” bizi badu ere, ekitaldia aurkeztu eta babestu ahal izatea “benetan berezia” dela uste du: “Aldundiak diruz laguntzen du, baina hori baino gehiago da: babesa, maitasuna eta konpromisoa. Honelako ekimenek bizi luzea izan behar duela sinetsita gaude”.
Euskal nortasunaren isla.
Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak Bizkaiko dantzari topaketa Euskal Herriaren “herri nortasuna zaindu eta sustatzen” duen ekimen berezi eta errotua dela azpimarratu du aurkezpenean: “Gure musikak eta dantzak euskal kulturaren parte nagusi bat osatzen dute eta ezin dira bestea barik ulertu; euskaldunen nortasunaren adierazgarri dira eta gure hizkuntzagaz batera, gure ohituratik bizi eta indartsuenetakoak dira”.
Nemehk ere bat egin du euskal dantza “herriaren arima” dela esatean: “Belaunaldiz belaunaldi transmitututako ondare bizia da, zaindu, maitatu eta harrotasunez goraipatu beharreko altxorra”. Bizkaiko Dantzari Eguna Bermeon hartzea “ohore handia eta poza” direla nabarmendu du, are gehiago, herriko taldeak urtemuga berezia ospatzen duenean. Alkartasuna Dantza Taldearen lana eta ibilbidea eskertu ditu alkateak, “lan eredugarria eta miresgarria” egin dutelako: “Zuen konpromisoari eta ilusioari esker, gure dantzak bizirik diraute eta herri honek bere nortasuna sendotzen jarraitzen du”.
Egun guztiko egitaraua.
Dantzaldia 11:30an hasiko bada ere, dantzien joan-etorria etenik gabekoa izango da domekan goizeko lehen ordutik. Autobus “asko” ailegatuko dira Bermeora 08:00etatik 10:30ak bitartean, eta gehienak Landabaso B poligonoan eta horren inguruan —Atalde kalean— aparkatuko dute. Ondorioz, egun batzuk lehenagotik ezingo da inguru horretan aparkatu.
10:30ean ekingo diote Alde Zaharretik Lamerararteko kalejirari dantzariek, gero dantzari dantzak, Gipuzkoako dantzak, txiki ertainentzako dantzak, Lanestoako arku dantza, Eltziegoko dantzak, jauziak, kaixarranka, jota arin-arin eta Larrain dantza dantzatzeko. 16:30etik aurrera, Luhartz erromeriak luzatuko du festa.
Milaka dantzarik hartuko dute Lamera, eta beste horrenbeste izango dira ikuskizunaz gozatzera hurreratuko direnak. Horregatik, trafikoan eta mugikortasunean hainbat aldaketa berezi ezarriko dira, egun osoan zehar, ekitaldia “ahalik eta modu seguruenean eta egokienean” garatu asmoz. Hala, domekan Bizkaibus zerbitzu guztiak Santamañe kaleko geltokitik irten eta bertara helduko dira. Gainera, Artzako bidegurutzetik, Lamera, Portuzarra eta Alde Zaharreko irteera “zarratuta” egongo dira zirkulazioarako zein aparkatzeko, 10:00etatik 18:00etara bitartean.
Udalak udal azokako aparkalekua zabalik egongo dela iragarri du, eta ibilgailu gehien hartzen dituen futbol zelaiko aparkalekura jotzea gomendatzeagaz batera.