SD Gernika Club, Gazte Liga Nazionalera
Deustu Urbietan 5 eta 1 menpean hartu ostean, SD Gernika Clubeko Gazte A taldeak Gazte Liga Nazionalera igoera lortu du, liga erregularra biribiltzeko jardunaldi bakarraren faltan.
SD Gernika Clubeko Gazte A taldeak Gazte Liga Nazionalera igoera lortu zuen iragan zapatuan [maiatzak 9], Urbietako zaleen aurrean. Deusturen aurka 5 eta 1 nagusitu zen talde gernika-lumotarra, partidua “uste baino errazagoa” jokatu ostean. Lehen minutuetatik, helburu argiarekin zelairatu ziren gazte mailako jokalariak, eta lehen txanpa hartan sartu ahal izan zuten estreinako gola. Deustuarrek, baina, ez zuten beren larrua merke saldu, eta berdinketa lortu zuten.
2 eta 1 aurrea hartu zuenean, baina, etxeko taldeak urrats bat aurrera egin zuen, eta neurketaren kontrola eskuratu. Minutuek aurrera egin ahala, etxekoek beren hautagaitza berretsi zuten, eta azkenean lau goleko alde esanguratsuarekin lortu zuten garaipena. “Helburua ondo beteta” amaitu zuten norgehiagoka, Urbietan taldearekin batera “bultzaka” egin zuten jarraitzaileei beraien esker ona erakutsiz: “Ikusleak jokalari bat gehiago edukitzea bezainbesteko garrantzitsuak izan dira; uneoro taldea hauspotu dute, eta bai garaipena, bai maila igoera beraiei esker ere lortu dugu” .
Orain, SD Gernika Club “agertoki berri baten” aurrean dago: zapatu honetan [maiatzak 16], Getxoren aurka jokatuko dute liga erregularreko azkenengo jardunaldia, eta txapelketa irabazteko aukerekin daude, alegia, igoera lehen postuan lortu dezakete. “Asteburu honetan garaipena lortzen badugu eta Cultural Durangok bere partidua galtzen baldin badu, ligako txapeldunak izango gara; hortaz, motibazioz gainezko helduko diogu azken partiduari. Hori bai, lehen postua lortuko ez bagenu, ez litzateke inolaz ere porrota: helburu nagusia igoera lortzea zen, eta jomuga hori ederto bete dugu”.
Behin liga amaituta, Euskal Kopa edukiko dute helmuga: “Urte osoko tentsioaren eta lehiaren ostean, ez da helburu nagusia izango eta, alde horretatik, denboraldian zehar hainbeste lehiaketa minutu eduki ez duten jokalariek jokatzeko aukera aproposa edukiko dute. Euskal Kopan ahalik eta urrunen iristea bilatuko dugu, nekeari aurre eginez eta denboraldiari amaierarik txukunena emanez”.