Herriko jai nagusietan gozatzeko aukera zabala
Ajangizko herriko jai nagusiak heltzear daude, eta ajangiztarrek zein inguruko herritarrek horietan parte hartzeko hamaika aukera dituzte. Saragiaren igoeragaz abiatuko dituzte jaiak bihar (maiatzak 13).
Egutegian seinalatutako egunak dira Ajangizko San Asentzio eta San Isidro jaiak. Uda aurreko lehenengotarikoak dira, eta gogotsu hartzen dituzte inguruko herritarrek. Dagoeneko berotu dituzte motorrak, ze Ajangizko III. Artisau azokan bildu ziren ajangiztarrak joan den domekan. Bertan, denetariko produktuak ikusteko eta erosteko aukera izan zuten bertaratu zirenek zazpi postutan; tartean, Hitzaren materiala egon zen. Hala, bihartik maiatzaren 24ra bitartean, herritarrei zein ingurukoei antolatu dituzten ekintzetara bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek, ondo pasatzeko egitaraua prestatu baitute.
Ohiturari jarraituz, eta Errenteria ere Ajangiz dela aldarrikatuz, Errenteriako zubitik herriko plazara Saragiaren igoera eginez hasiko dituzte herriko jai nagusiak bihar iluntzean. Eta, Mendietara ailegatzerakoan, duela urte batzuk herriko neska gazteek berreskuratu zuten Soka dantza dantzatuko dute. “Antzina ere egiten zen danta, gero utzi egin zen, baina azken urte luzeetan egin izan da”, gogoratu dute antolatzaileek.
Biharamunean, San Asentzio egunez, arrakasta izaten duen briska txapelketan bilduko dira herritarrak Pertxamendi txokoan, eta txokolate jana egongo da bertan. Indarrak hartuko dituzte herritarrek, ze bariku gaua luzea izango da ajangiztarrentzat.
Barikuko kontzertu gaba, baina, desberdina izango da: egitaraua argi zein soinu tenikaririk barik egingo dute. Izan ere, egun horretarako ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek greba deitu dute. Egoera horretaz jabetzerakoan, “ezinbestekotzat” ikusi zuten antolatzaileek grea egunari behar duen garrantzia eta ikusgarritasuna ematea, eta aldaketa batzuk egiteko erabakia hartu zuten: “Agerikoa da ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileen jarduna funtsezkoa dela ekitaldi kulturaletan. Halandabe, sektorekoak urte asko daramatzate lan baldintza kaskarretan eta prekarietatean murgilduta. Ajangizko Jai Batzordetik gure babes eta elkartasun osoa eskaintzen diegu sektorko langileei”.
Egoera horren aurrean, lotuta zeuden taldeek beraien ikuskizuna aurrera eramatea ez zutenez “bideragarri” ikusten, beste forma bat hartu du. Hala, Elizpean Lenagoik taldeak eskainiko du kontzertua, eta Burrunba elektrotxaranga zein Dj Tologo eta Dj Domin izango dira bariku gaua girotuko dutenak.
Hurrengo egunean, zapatuan, gotibeheren txanda ailegatuko da. Hirugarren aldiz prestatu dute txapelketa, eta bertan ariko dira eskualdeko ausartenak. “Jende asko hurbiltzen da goitibeherak ikustera, polita baita ikusteko”, diote jai batzordekoek. Eta, kirol ikuskizunekin jarraituko dute domekan ere, Sustabizen eskutik herri kirol erakustaldia egongo baita plazan. Gainera, taloa probatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Bazkari herrikoia.
Maiatzaren 23an, sukalkia egiteko batuko dira herritarrak. “Giro ezinhobea egoten da, ea egutaldiak laguntzen duen”, diote antolatzaileek. Lagunarteko bazkaria izaten da sukalki herrikoia, gazte zein nagusi biltzen dituena. Eta, ostean, erromeriaz gozatzeko aukera izango dute bertan biltzen direnek.
Bi asteburutan nekatu arte gozatzeko hamaika ekitaldi izan ostean, beste urte batez, herriko mugetatik mendi ibilaldia eginez amaituko dituzte jaiak.
EGITARAUA.
Bihar, eguaztena.
21:00. Saragi igoera Errenteriako zubitik, eta gero makailao jana Mendietako plazan.
Ostean. Soka dantza Ajangizko dantzarien eskutik.
Etzi, eguena.
20:00. Briska Txapelketa Pertxamendi txokoan. Txokolatea eta ogia egongo dira.
Maiatzak 15, barikua.
12:00. Meza.
13:00. Hamaiketako herrikoia.
22:30. Lenagoil, Elizpean.
23:30. Burrunba elektrotxaranga, plazan.
Gero. Dj Tologo eta Dj Domin.
Maiatzak 16, zapatua.
15:00. III. Goitibehera txapelketa.
18:00. Mux txapelketa Pertxamendi txokoan.
Bitartean. Sardinada.
Maiatzak 17, domeka.
11:30. Herri kirolak Sustabizen eskutik.
Bitartean. Taloen txosna egongo da.
Maiatzak 23, zapatua.
14:30. Sukalki aurkezpena.
15:00. Bazkari herrikoia.
Gero. Umeentzako puzgarri eta jolasak.
18:00. Erromeria.
Maiatzak 24, domeka.
08:30. XVII Mugari bira. Martxa luzearen (19 km) irteera.
09:30. XVII Mugari bira. Martxa laburraren (11 km) irteera.