Etxebarria eta Goikoetxea, txapeldun
Etxebarria eta Goikoetxea gailendu dira XII. Ajangizko Esku Pilota Txapelketan, final handian Nazabal eta Apeztegia 22 eta 14 menpean hartuta.
Argazkia: Txebi Arriaga. Ajangizko udal pilotalekua goi mailako esku pilotaren eta bidean den harrobiaren bateragune bihurtu zen iragan domekan [maiatzak 10]. 10:45ean hasita, XII. Ajangizko Esku Pilota Txapelketaren finalak jokatu zituzten. Harmailak lepo bete zituzten pilotazaleek formakuntza kategorietako gaztetxoei egin zieten ondoetorria lehenik. Benjamin mailan, Basterretxea-Legarra eta Leitza-Iglesias bikoteek “egundoko partidua” eskaini zieten ikusleei, Gantzabale Elkarteko antolatzaileen esanetan: “Oraindik umeak izan arren, frontoian pilotari eskarmentudunen trazak kantxaratu zituzten, eta partidua azkenengo tantoan erabaki zen”. Hamazazpina berdindu ondoren, garaipenak bigarren bikotearen aldera jo zuen azkenean. Hori bai, erakutsitako “jarreragatik, ekinagatik eta jokoagatik”, Legarrak jaso zuen maila horretako pilotaririk onenaren saria.
Kimu mailan, gauzak argiago egon ziren hasieratik. Larrazabalek eta Goitiak 18 eta 8koagaz ezarri zuten beren legea Oihanen eta Peioren aurka; Oihanek jaso zuen pilotaririk onenaren saria. Haur mailan, Narbaizak eta Jurdanek Bengoetxearen eta Zabalaren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak, baina ezer gutxi egiterik izan zuten, bigarrenen nagusitasunaren aurrean: 7 eta 18koagaz patrikaratu zuten finala Bengoetxeak eta Zabalak, eta lehenengoak pilotaririk onenaren saria ere jaso zuen.
Emakumezkoen partidu berezia ere eduki zuten finalen jardunaldian: Arrizabalaga ahizpa mendexarrek Goikoetxea eta Benito azken orduan ordezkatu zuen Ozaeta izan zituzten aurrez aurre. Partidu polita jokatu zuten, orekatua, eta azkenean bigarrenak tanto biko aldeagatik, 16 eta 18, nagusitu ziren. “Pilotari gazteak dira oraindik, pila bat daukate hobetzeko, baina Ajangizkoa plaza egokia da, beren proiekzioan eta kirol ibilbidean oinarrizko urratsak egiten jarrai dezaten”, azaldu du antolakuntzak.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Aurrelarien jokoa.
Eguerdian iritsi zen azken jardunaldiko une gorena: nagusi mailako gizonezkoen finala. Etxebarriak eta Goikoetxeak Nazabal eta Apeztegiaren kontra jokatu zuten. Atzelari fisikoak, hutsegiterik gabekoak eta dominatzaileak dira Goikoetxea eta Apeztegia; beraz, bietako bata ere ez zen gai izan bestea alde jotzailetik gainditzeko.
Hala, kantxaren aurrealdeko koadroetan egon zen gakoa. Alde horretatik, partiduaren denborak hobeto kudeatu ahal izan zituen Etxebarriak, eta artezago azaldu zen errematatzerakoan. Neurketa estua eta lehiatua izan zen, baina markagailuak alde adierazgarria bistaratu zuen azkenean, lehen bikotearen alde: 22 eta 14 nagusitu ziren Etxebarria eta Goikoetxea. Etxebarria izan zen pilotaririk onena, eta hark jaso zuen saria.
“Arrakastatsua eta, aldaketak aldaketa, oso polita” izan da lehiaketaren XII. ekitaldia, antolatzaileen arabera: “Suertatu diren trabei aurre egin diegu, eta ikusleek partidu politak dastatu dituzte, gaurko eta biharko pilotarien eskutik; sasoi honetan, esku pilota txapelketak puri-purian egoten dira, eta, ildo horretatik, guk bizirauteko eta herritarrei ahalik eta eskaintzarik duinena eskaintzeko saiakera egiten dugu”. Finalek, gainera, herriko jaien atariko artisau azokagaz bat egin zuten: “Plazatik frontoira eta frontoitik plazara, herria bizi-bizirik egon zen”. Ajangiztarrek pilotarekin edukiko duten hurrengo hitzordua uztailaren erdialdean iritsiko da: Ajangizko Horma Bakarreko Esku Pilota Txapelketaren XII. aldia.