Andra Mari eta San Roke jaiak irudi bila dabiltza
Martxan dago Andra Mari eta San Roke jaietarako kartel lehiaketa, eta sorkuntza lanak aurkezteko epea ekainaren 5ra artekoa da. Adimen artifizialari buruzko irizpide espezifikoak sartu ditu lehen aldiz: AA tresnak erabiltzen dituztenei horren berri emateko eskatu dute.
Abuztuaren 14tik 18ra bitartera ospatuko diren Andra Mari eta San Roke jaietarako kartel lehiaketa abiatu du Gernika-Lumoko Udalak, Jai Batzordearen bitartez. Nahi duten sortzaile guztiek parte har dezakete lehiaketan, eta artista bakoitzak egokitzat jotzen dituen lanak aurkeztu ahal izango ditu. Ezinbestekoa da, baina, lan horiek originalak eta argitaratu gabekoak izatea.
Sorkuntza lanak aurkezteko epea ekainaren 5ra artekoa da, eta hori 13:59ak aurretik egin beharko dute interesatuek.
Lan guztiek izenburu bera eduki behar dute, derrigorrez agertu beharrekoa: GERNIKAKO JAIAK 2026. Abuztuak 14-18. Egileek nahi duten teknika eta tratamendu bisuala erabil ditzakete kartela sortzeko, baina neurri zehatz bat eduki behar dute: 65×45 zentimetro (bertikala).
Nola aurkeztu?
Lanak www.kulturagernika-lumo.eus webguneren bitartez aurkeztu beharko dira, eta bereizmen handiko behin betiko artxiboa udaleko kultura arlora bidalita. Bereizmen handiko kartela bidaltzeko, kultura@gernika-lumo.eus helbidera wetransfer bezalako tresnak erabilitzea gomendatu dute. Eta, gaineratu dute epaimahaiaren erabakia ekainaren 10ean jakinaraziko dutela.
Epaimahaiak generoaren eta sexu orientazioaren irudikapenaren aniztasuna, jatorria eta kultura, dibertsitate funtzionala, adina, klase soziala, gorpuztasuna eta abar baloratuko dituela jakinarazi dute, rolak eta estereotipoak saihestuz. Izan ere, oinarriek estereotipoak saihestea eta begirada inklusiboa txertatzea bilatzen dute.
Adimen artifiziala
Aurtengo lehiaketak adimen artifizialerako arau berriak barne hartzen ditu, lehen aldiz modu esplizituan: Jai Batzordeak parte hartzeko ohiko eredua libre mantenduko du, baina AA tresnak erabiltzen dituztenei horren berri emateko eta obran giza esku-hartzearen maila zehazteko eskatuko die. Udalak, gainera, lehiaketaren printzipio gidari gisa funtzionatuko duen irizpide bat finkatu du: egilearen sormen-pisuak irudien sorkuntza automatikoaren gainetik egon beharko du.
Deialdiak egile eskubideen babesa ere azpimarratzen du. Parte-hartzaile bakoitza arduratuko da kartelean jasotako argazkiak, ilustrazioak edo baliabide grafikoak erabiltzeaz. Plagiotzat, imitaziotzat edo egiletzari buruzko zalantzak dituzten obrak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.
Saria 600 eurokoa izango da eta kartela udalaren esku geratuko da. Gainera, inprimaketarekin lotutako alderdi teknikoak aldatzeko edo behin betiko argitaratu aurretik akatsak zuzentzeko aukera gordetzen du.
Era berean, deialdiak zabalik uzten du lehiaketa hutsik uzteko aukera, proposamenik ez bada iristen espero zen kalitatera. Kasu horretan, udalak zuzenean herriko artista batengana jo lezake jaien irudia diseinatzeko.